Antzuolako kultur, kirol eta gizarte elkarteak euren dinamiketan euskararen erabilera indartzeko urrats berriak aztertzen ari dira, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) abian jarritako Esnatu dinamikaren baitan. Eguneroko jardunean euskarari leku handiagoa emateko konpromiso zehatzak hartzeko prozesua Antzuola Arigune egitasmoarekin elkarlanean garatzen ari dira, herrian aurretik egindako lana eta sortutako espazioa baliatuta.
Konpromisoak hartzera
Datozen urteetan euskararen erabilerak arnasguneetan izan dezakeen beherakadari aurre egin nahian aurkeztu zuen UEMAk, apirilean, Esnatu dinamika. Herritarren aktibazioa eta erakundeen inplikazioa sustatzen dihardute ordutik. Antzuolan ere egin dituzte pare bat saio, eta hurrengoa datorren martitzenean izango da, 18:00etan, Olaranen. Bilera "elkarte bakoitzak aurrez hartutako konpromisoak partekatu eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko" izango dela aipatu du UEMAko teknikari Ibon Aginagak: "Adibidez, jardueren kartelak euskarazkoak izatea, edo ekitaldietako esatariak euskaraz bakarrik aritzea".
Herriko elkarte guztiek jaso dute parte hartzeko gonbidapena, eta batzuk pauso berriak ematen hasiak direla esan du Aginagak; tartean, AKE eta Landatxope.
Tresna berritzailea
Aztertuko duten beste gai bat bilerak guztiek ulertzeko moduan egitearen proposamena izango da. "Telegram aplikazioa eta entzungailuak erabilita, euskaraz ulertzen ez dutenek aldibereko itzulpena jasotzean datza; hala, komentatzen dena momentuan bertan ulertu dezakete. Elkarteetako bileretan gertatu ohi da parte-hartzaile guztiek euskara ez ulertzea eta bilerak ele bitan egiten amaitzea, horrek batzarrak luzatzea eta hizkuntzaren kudeaketan zailtasunak sortzea eraginda. Hasiak gara ikastetxeetako bileretan Telegram bidezko itzulpen zerbitzua praktikan jartzen, eta, emaitza onak eman dituenez, herriko gainerako elkarteetara zabaldu gura dugu prozedura", esan du Aginagak. Tresnak nola funtzionatzen duen jakingo dute eragileetako kideek martitzenean; hala, beste urrats bat egin ahal izango dute euskararen aldeko ekarpenean.
2027an, jarraipena
UEMAk abenduaren 1ean egingo du Esnatu dinamikaren azken agerraldi orokorra, Orion, zortzi hilabetez herriz herri hitzaldiak eta lanketa saioak egiten ibili eta gero.
Mankomunitateak euskararen lurralde estrategia garatzen jarraituko du 2027tik aurrera, orain arte bezala, udalen eta herriko elkarteen laguntzarekin. Hartutako konpromisoak eguneroko jardunera eramatea izango da hurrengo urratsa, euskarak herriko jardueretan presentzia handiagoa izan dezan.