Alazne Jauregi antolatzaileak esan bezala, oso bertsozalea ez den publikoak gozatzeko moduko ekitaldia izango da: "Bederatzi ariketatan eman beharko dugu neurria, eta gaiek zerikusia izango dute Antzuolako aktualitatearekin eta umorearekin. Hartara, giro aproposa sortzea da asmoa, guztiok dibertitzeko, bertsotan egingo dugunok eta baita ikusleak ere".
Taldeak zozketa bidez eratu dituzte, eta, nobedade bezala, laukote bat egongo da aurtengoan, beste bi hirukoteekin lehian. Sarrera etxetik prestatuta ekarriko dute, kanturen bati egokituta seguru asko, eta Jauregik ez du baztertzen baten bat mozorrotuta azaltzea: "Gogotsu gaude eta gehienak irabazteko asmotan etorriko gara".