Israelen eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Kongresuan berriki egin diren hauteskundeek zuzenean eragingo dute palestinarren etorkizunean, baina ez dago batere garbi nola. Gai hori argitan ipintzeko gonbidatu du Antzuola-Palestina elkarteak Mikel Aramendi itsasondoarra. Olaranen hartuko du hitza, datorren eguenean, hilak 19, arratsaldeko zazpietan. Antolatzaileek eta bertaratutakoek egiten dizkioten galderak erantzungo ditu Asiako herrialdeetako politiketan espezializatutako kazetariak.
Izan ere, hauteskunde horietako emaitzek bestelako politika batzuk garatzeko ateak ireki ditzakete, Aramendiren esanetan: "Israelen ordezkaritza zabala lortu dute hautagai arabiarrek, Israeldik kanporatuak izan ez diren jatorrizko biztanleen ordezkariek. Prest daude beren abstentzioarekin Eisenkot buru duen alderdi zentristaren balizko gobernu bat ahalbidetzeko, Netanyahuren alderdiaren partaidetza barik. Baina Eisenkotek Lieberman bere bazkide sionista konbentzitu beharko du orain, ez baitago alderdi arabiarrekin gobernua osatzearen alde. Akordiorik ezean, hauteskundeak errepikatu litezke bizpahiru hilabetean".
AEBetako Kongresuen Ganberan demokratek lortu duten garaipenak ere mugimenduak eragin ditzake: "Hautagai musulmanak ordezkari eta senatari atera dira, eta lobi sionistaren kontrako iritzia hazten dabil demokraten ezkerraldean. Izan ere, gai izan daitezke, denborarekin, Israeli laguntza kentzeko. Kontuan hartu, luzez, AEBek gehien laguntzen duten estatua dela Israel".
Ingurua "sutzeko" elementua
2023ko urriaren 7az geroztik jazotakoa "Palestinan ikusi den gauzarik gogorrena" dela iritzita, oraindik konponbide militarrik ez dagoela adierazi du: "Israelek du nagusitasuna, baina mugak ere badauzka, Irango gerran ikusten dugun moduan. Ingurukoek badakite Palestinako aferan jarrera bat edo beste hartu, arrisku larrietan sar daitezkeela. Egiptok, adibidez, erabaki du geldirik geratzea. Ez da zilegi, baina bai erabaki zuhurra, ikuspuntu politikotik".