Andoni Agirregomezkorta: "Gustatuko litzaidake drama kutsuko proiektu gehiagotan parte hartzea"

Hasier Larrea

Andoni Agirregomezkorta, Tigrea antzezlaneko coach gisa. TXALO

Etzi, domeka, Txalo konpainiaren Tigrea antzezlana ikusteko aukera egongo da Torresoroan, 18:30ean, Oihana Martikorena eta Andoni Agirregomezkorta aktoreen eskutik. Azken hori aski ezaguna da telebistan, baina, bistan denez, donostiarrak ez die kameraz kanpoko lanei ere muzin egiten. 

Zer kontatzen da Tigrea-n?

Istorioak bi pertsonaia kontrajarri jartzen ditu aurrez aurre, coach-a eta argazkilaria. Coach-ak argi dauka zer egin behar den bizitzan, argazkilariak momentu pertsonal gogorra bizi du, eta ez dira ondo ulertzen. Hori da Tigrea-ren abiapuntua.  

Zer ematen dizu antzerkiak, beste formatuek ematen ez dizutena?

Publikoaren gertutasuna. Antzerkian publikoaren erreakzioa jasotzen duzu, eta mugitzen zaitu zuzenean gauza batzuk aldatzera. Bizia da. Erreakzioaren arabera, hurrengo gag-a aldatzea erabaki dezakezu. Telebistan zure gidoia edukita egiten duzu lan, eta sumatzen duzu ze erreakzio eragingo duen.

Oihana Martikorena eta Andoni Agirregomezkorta.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Astelehenetik ostegunera Vaya Semanita saioko grabaketak izaten ditugu, ordu asko dira. 18:00retarako bukatu eta etxera etortzen naiz, familiarekin egoteko. Ostiral, larunbat eta igandeak gozatzeko egunak izaten dira, baldin eta bakarrizketarik edota Tigrea-ren funtziorik ez badugu. Izan ere, denetik egiten saiatzen naiz; aukera ematen badidate, dena hartzen dut. Zorionez, gertatzen da aukeratu behar duzula bata edo bestea. Beste batzuetan zain egoten zara, ez dagoelako ezer. 

"Umorea unibertsala da, euskarazkoak beste hizkuntzetan egiten denak beste funtziona dezake"

Umorezko produktuekin erlazionatzen zaitugu. Gustatuko litzaizuke bestelako pertsonaiak antzeztea?

Erraztasuna izan dut umorea egiteko. Urte askoan dedikatu naiz horretara, eta, beharbada, ekoizleei gehiago kostatzen zaie dramarako nirekin kontatzen. Izaten dut aukera tarteka, eta asko gozatzen dut, baina badut sentsazioa nire buruari eta besteei  gehiago frogatu behar diedala dramarako gaitasuna. Gustatuko litzaidake bere ibilbidearekin, traumen motxila horrekin, egoera zailen bati aurre egiten dabilen pertsonaiaren bat interpretatzea. Kubricken estiloko pelikula bat agian ez, baina bai drama indartsu bat.

ETB2-ko Vaya Semanita aipatu duzu, iraungitzen ez den saioa.

Urrian estreinatu genuen denboraldi berria. Gaurkotasunari eta egoera soziopolitikoari itsatsita doan programa da, jendeak bere egunerokoan bizi dituen egoerei itsatsitakoa. Beti aurkitzen dugu non inspiratu, eta publikoa umore horrekin identifikatzen da. Saioa garai bakoitzera egokitzen joan da; 2003an egiten genuen umore-mota eta esketxen formatua ez dira berdinak gaur egungoekin alderatzen baditugu.

Baduzue marra gorririk?

Mingarria izan daitekeena ez dugu ukitzen, adibidez, hildakoak. Baina egin dezakegu ehorzketa bati buruzko esketx bat. Gustatzen zaigu politikaren inguruan egon daitezkeen marra gorrietatik gertu ibiltzea, erronka bat izaten da. Sareetan guri buruz esaten denari ez diot jaramonik egiten, baina badakit aldeko iruzkin asko dauzkagula. Pertsonalki, oso libre sentitzen naiz, kaletik noanean babestuta sentitzen naiz, eta hori ez da gutxi.

Gaur egun, nola ikusten duzu euskarazko umorea?

Umorea unibertsala da, beraz, euskaraz egiten denak beste hizkuntzetan egiten denak bezala funtziona dezake. Azken urteetan hutsune bat egon da EITBn umorezko fikzioetan, baina, tira, Superra estreinatu dute orain, albiste ona. Garai batean askoz fikzio gehiago egiten zen ETB1en, kalitatezkoa: Bi eta bat, Jaun eta jabe... Eneko Olasagasti eta Karlos Zabala zeuden horien atzean, eta, zorionez, aukera izan nuen nire karreraren hasieran haiekin lan egiteko. Euskal kulturgintzako erreferenteak izan dira niretzat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak