Aurreko denboraldiko erronkei eustea dute jomugan Olaldeko pilotariek

Hasier Larrea

Olatz Insausti pilotakada jotzen, Betegi atzean duela.

Herriarteko torneoan berriz ere parte hartzea aurreikusten du pilota elkarteak.

Bi hilabete joan dira Antzuolako adin guztietako pilotariak entrenatzen hasi zirenetik, eta garaiotan astebururo janzten dira txuriz. Gipuzkoa mailako binakako txapelketetan daude murgilduta kategoria gehienak, nahiz eta badagoen salbuespenik. Manex Balerdi eta Ander Etxaniz seniorrek joan den asteburuan jokatu zuten Lehen Mailako azken neurketa: "Zegamaren aurka galdu egin zituzten finalerdiak; dena den, kategoria mantentzea lortu dute", azaldu du Olaldeko ordezkari Pedro Iturbek. Seniorrekin jarraituta, Olatz Intsaustik Irati Betegi aretxabaletarrarekin dihardu jokatzen. Ikasketak direla eta, jarraikorrak izateko zailtasunak dituztela esan du Iturbek: "Hala ere, joan den astean oso maila txukuna erakutsi zuten etxean". 

Buruz buruko txapelketei ekingo diete laster, aste honetan izan baitute izena emateko epea zabalik. Olaldetik bi ordezkarik hartuko dute parte: "Manex Balerdik eta Xabi Intsausti kadeteak. Gazte mailako Auritz Iturbek ere bazeukan asmoa, baina lesionatuta dago".  

Beste klubekin elkarlana

Kadete eta gazte mailako pilotariei dagokienez, aurten lan-saioak ondoko herrietako pilotariekin batera egiten hasi direla azpimarratu du Iturbek: "Izan ere, geroz eta zailagoa da infantilen osteko adinetakoen entrenamenduak osatzea eta txapelketetara apuntatzea. Baditugu herriko hiru pilotari beste herri batzuetakoekin nahasten direnak. Urki Iturbe eta Auritz Iturbe Oihan Zamakola eta Urko Muruamendiaraz bergararrekin dabiltza bikotea osatzen; eta Xabi Intsausti Ekhi Arteta urretxuarrarekin". 

Arrazoi beragatik, aurten infantil mailan jokatzen dabiltzan sei pilotariak zaintzea lehenetsiko dute. Hain zuzen, bihar, ostirala, dituzte neurketak Olalde pilotalekuan, 19:00etan, Goierri, Tolosa eta Oñatikoekin.

Iazko helburuak

Gorabeherak gorabehera, gizonezkoetan kategoria guztietan dituzte ordezkariak aurten ere, "beraz, ezustekorik ezean, 2027ko Herriartekoan izango gara", pasa den sasoian hogei urteko lehortearekin amaitu eta gero. Herriko torneoekin ere jarraituko dute, San Isidro eta Atzeko txapelketekin, kasu: "Pilota eskolako haur berrien guraso batzuk sartu dira Olalden, eta ondo datorkigu haien laguntza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak