Udalak aldi baterako hiru langile kontratatuko ditu abenduan

Hasier Larrea

Brigadarako peoia, hirigintzako gaietarako administraria eta argazki digitalizatzailea kontratatuko ditu Antzuolako Udalak, urtebeteko lanaldirako, abenduan hasita. Horixe eman zuten aditzera udal ordezkariek asteartean egindako osoko bilkuran.

Kontratazioak egiteko, 33.000 euro jarriko ditu Udalak, eta beste 89.000 euro dirulaguntza bidez jasoko ditu. Brigadarako peoiak herriko hoditeriak garbitzeko eta belarrak mozteko zeregin zehatzak izango ditu; argazki digitalizatzailea, berriz, Udalak dohaintzan jasotako argazki-sorta bat sarean sailkatzeaz arduratuko da.

Kreditu aldaketaren bidez

Bestetik, egur-mozketa eta mendi aprobetxamendurako tasa ordaintzeko 45.800 euro jarriko ditu Udalak. Azaldu dutenez, Aldundiari lanen aurretik egiten zaion ordainketa bat da, eta erakunde horrek herriko lur eta pistetan esku-hartzeak eta konponketak eginda itzultzen du inbertitutakoa. Gainera, udal webgunearen softwarea berritzeko premia dagoela eta, 10.539 euroko inbertsioa egingo dute. Elkarmedia enpresak egiten du udal webgunearen mantentzea. 

Berehalako gastuak direnez, kreditu-aldaketa eginda ordainduko dute, osoko bilkuran aho batez onartu zutena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak