Aurreikusi baino ordu erdi geroxeago heldu dira aihertarrak, eta, ordurako, zain zituzten antzuolarrak: kafearekin eta askotariko gozoekin egin diete harrera Olaran etxean.
Bergararako bidea hartu dute hurrengo, Olaso Dorrea eta Laboratorium museoa bisitatzeko, eta, handik bueltan, pilotalekura joan dira bazkaltzera. Trikitilariak lagun izan dituzte, mahai bueltako eta osteko giroa alaitzeko.
Haur, gazte eta helduak batu ditu gaurko hitzorduak. Azken urteetan Antzuolatik kanpo bizi izandako gazte batek, adibidez, aihertarrekin berriz elkartzeko gogo berezia zuela aitortu du eta hunkitu ere egin dela aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzerakoan. Lotura hauek mantentzea beharrezkoa dela erantsi du, ezberdintzen gaituzten eta batzen gaituzten alderdiei buruzko kontzientzia izateko. Egun zoragarria izaten dela eta halaxe jarraitzea komeni dela gehitu du adin nagusiko herritar batek.
Pozik mintzatu dira aihertarrak ere: "Gogotsu egoten gara topaketa egunerako, Antzuolaren txanda izan da aurten, eta ongi hartu gaituzte bertako herritarrek, beste behin ere. Badira zenbait urte elkar ezagutzen dugula eta urtean behin ikustea bederen plazer bat da. Harreman orotan bezala, honetan ere gorabeherak daude, baina osasuntsu dago", azaldu du Aiherrako Kultura zinegotzi Herve Parachouk.
Hitz onak izan ditu senidetze-egunean parte hartzen urteak daramatzan beste aihertar batek ere, eta bereziki gustura geratu da Olaso Dorrera eta Laboratorium museora egindako bisitarekin. Izenez ezagutzen zuten leku bat hurbiletik ezagutzea plazera izan dela azaldu du museoari buruz; eta interesgarri jo du Monzonen etxea eta bertan egiten duten lana ezagutzea ere.
Kontuak eta musika bidelagun izango dituzte arratsalde partean ere.