Ohi baino lehen hasi dira lanean, jaiak "motibatuta" bukatzearen ondorioz

Hasier Larrea

Txosna Batzordeko kideak, aurtengo jaien atarian. ATB

Txosna Batzordeak uda osteko lehen bilera egin zuen hilaren 18an, ideia berriei bide emateko.

Joan den domekan batzartu ziren Antzuolako Txosna Batzordeko kideak estreinakoz, epe motz-ertainerako asmoak mahai gainean jartzeko. Uztailaren hondarrean egin zuten pasa berri ziren jai nagusien balorazioa, eta, Eneritz Etxaberen esanetan, aho-zapore onarekin joan ziren abuztuko oporraldira: "Inpresioak elkarbanatu ostean, aurtengo jaiak ondo joan zirela ondorioztatu genuen, eta hori pizgarri izan da datorren urteko jaiak normalean baino lehenago antolatzen has gaitezen". 

30 kidek osatzen dute Txosna Batzordea, eta horietako "zazpi-zortzi" elkartu ziren aurrekoan. Taldea gaztetzea dute aurten erronka, "laster belaunaldi aldaketa" gertatuko dela iritzita. Urtean zehar egin daitezkeen ekintzak zerrendatu zituzten, eta herriko hainbat talderi beste horrenbeste egiteko gonbidapena egin diete. Denen ekarpenarekin gura dute datorren urteko Antzuolako jaiak primerakoak izatea. "Interesatzen zaizkigun musika taldeekin lehenbailehen harremanetan jarrita, aukera handiagoak izango ditugu helburu hori lortzeko. Gertatu izan baita harremanetan jarri eta ordurako beste hitzordu bat lotuta zutela jasotzea erantzun moduan", gehitu du Etxabek. 

Ekintza puntual berriak

Jaiak ekonomikoki sostengatzeko, eta, orokorrean, txosnetarako dirua ateratzeko, hainbat asmo dauzkate esku artean, datorren uztailera bitartean: "Abenduaren 26an eta Inauterietan gaztetxea zabaltzea da horietako bat. Inauterietan, gainera, gustatuko litzaiguke Udalak kontratatzen duen elektrotxarangak gaztetxean bukatzea kalejira, eta mozorro onena duen kuadrillari saria ematea, jendea bertaratzeko aitzakia moduan". 

Proposatu duten beste ideia bat jaietako osteguneko herri-afaria girotzen duen Eingo musika taldea asteburu arrunt batean gonbidatzea izan da: "Frontoian edo eskolako patioan afari musikatu bat antolatzea haiekin, adin guztietako herritarrei zuzenduta, esanaz irabaziak Txosna Batzordearentzat izango direla". 

Joko txapelketa

Bestetik, lagun talde batek lehenagotik proposatutakoa serio hartu gura dute: auzotar, kuadrilla zein kintadakideei zuzendutako txapelketa bat antolatzea, kirol-jolasak oinarri: "Ideia hori bota zuten, eta hor geratu zen. Gure asmoa da eurekin komentatzea ze itxura eman ekitaldiari. Bereziki, herri-mailan zerbait desberdina izango litzatekeelako, eta, jolas aitzakia hartuta, gazteen artean harreman politak sor daitezkeelako".

Taldekako joko txapelketa martxoaren 6an egitea proposatu dute., "nahiz eta data hori ez den definitiboa". 

Bien bitartean, bizpahiru astetik behin jarraituko dute elkartzen, arreta uztaileko jaietan dutela, eta baita herrian giro sanoa jarraikortasun batekin sustatzeko bokazioz ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak