Antzuolarrek aihertarrekin duten adiskidantzak beste kapitulu bat beteko du zapatuan, hilak 24. Iaz, Nafarroa Behereko herriari egokitu zitzaion, eta aurten Antzuolak hartu du topaketa prestatzeko ardura, bi urtetik behin gertatzen den moduan.
42 urte pasa dira dagoeneko bi herrien arteko harremanaren sorreratik. Gertatu ohi da egoerarik natural eta bat-batekoenetatik espero gabeko fruituak ateratzea, eta Izarraitz mendian 1984an egindako txango bat da horren adibide. Elkar ezagutzen ez zuten bi bikotek elkar ezagutu, lagun egin eta pixkanaka jarri ziren asmo handiagoko planak proposatzen, herrikideen laguntzarekin. Antzuolarren partetik, Inma Beristain eta Juan Antonio Iturbe izan ziren harreman haren sustatzaileak. Herri ekimen bat izan zen hasieran, eta gerora beste dimentsio bat hartu du senidetzeak, bi udalen inplikazioa medio. Baina Aiherran ere eragile garrantzitsua izan da Beltzuntze elkarte euskaltzalea.
Sinbolismotik harago
Aldebiko keinu eta topaketek ez dute etenik izan urteak joan eta urteak etorri; hori gutxi ez, eta urteurren borobilak iritsi direnean indar handiagoarekin heldu diote senidetzearen ospakizunei. Horren adibide dira senidetze hitzarmen ofizialaren sinatzea, argazkiz osatutako liburua, bi herrien arteko 140 kilometroak korrika egin zituztenekoa, eta beste hainbat keinu sinboliko; elkarri oparitutako zuhaitzak tarteko.
Halako ekimenekin betikotuta geratu da laguntasuna. Eñaut Elosegi aihertarrak dio "egunero" akordatzen direla Antzuolaz, haien bizitoki inguruan errepideko kartela ikusten duenean. Ezagutzen ditu Ipar eta Hego Euskal Herriko beste herri batzuen arteko senidetze gehiago, baina, haren esanetan, Antzuolaren eta Aiherraren artekoa maila sinbolikotik harago doan konplizitate inportantea da: "Badakit Kanbo eta Deba, Uztaritze eta Tolosa, Baiona eta Iruñea eta Azkaine eta Lesaka ahizpatuta daudela, esaterako, baina, konparazioetan erori barik, esan dezaket gurea oso berezia dela".
Lagunak ikusteko desiratzen
Elosegiren kasuan, 2000. urtean etorri zen Antzuolara lehenengoz; hain zuzen, Aiherran bizi izaten hasi zen urtean: "Ordurako, Hegoaldea ezagutzen nuen, baina Debagoienean egon gabea nintzen. Hasieran, gehien txunditu ninduen antzuolarren eta aihertarren artean zuten ezagutzak. Asko eta asko aspaldiko lagunak zirela ohartu nintzen. Horrek asko markatu ninduen".
Orain hura da laguntasun-zirkulu horren parte, eta desiratzen dago zapatuko eguna iristeko: "Antzuolar asko ez ditut ikusi azkenengo topaketatik, eta gogo handia daukat berriz elkartzeko. Horregatik egiten ditugu topaketak, jendeak baduelako gogoa eta atxikimendua".
Aurtengo San Isidro azokan, behintzat, aprobetxatu zuen Kalebarrenen postutxoa jartzeko. Lanbidez irakaslea den arren, artisau-garagardoa egiten du. Iaz Aiherran egindako topaketan, Antzuolatik etorritakoei garagardotegia erakutsi zien, produktua nola egiten duen ikus zezaten.
63 urteko Jean Mattit Duhalde gaztagilearekin etorri zen San Isidro azokara, hura ere aski ezaguna hemen. Lehenengo edizioetatik izan da finkoetako bat hitzorduetan. Onartu du gauza asko aldatu direla 42 urtean, eta, beharbada, orain ahalegin handiagoa eskatzen duela hutsik ez egiteak, "konpromiso gehiago" dituztelako. Hala ere, argi dauka Aiherra-Antzuola eguna ospatu ezean urtean zehar elkar ikusteko aukerak galdu egingo direla. "Eta hori ez dugu batere nahi, elkartzen garen bakoitzean kantuan eta dantzan pasatzen dugu-eta eguna", aipatu du.
Aurtengo egitaraua ere kutsu horretakoa izango da, funtzionatzen duena aldatzeak ez baitu zentzurik. Bazkalaurreko poteoa trikitilariek alaituko dute, eta baita bazkalosteko musika tartea ere. Eskolako patioan egingo den bazkarian 80 lagun inguru eseriko dira mahaiaren bueltan. Hain zuzen, 43 izango dira aihertarrak; haien artean, hamar haur.
10:30 aldera iritsiko dira, autobusez, eta, kafea hartu ostean, Bergarako Olaso Dorrea eta Laboratorium museoa bisitatzera joango dira. Antzuolarrek ekitaldi kultural horren alde egin dute aurten: Olatz Lezeta alkateak azaldu duenez, zaila da topaketa bakoitzean gauza desberdinak pentsatzea: "Aurten, ideia polita iruditu zaigu Olaso Dorrera joatearena, kontuan hartuta baduela lotura Ipar Euskal Herriarekin, Telesforo Monzonek Pantxoa eta Peiorekin zeukan harreman estua zela eta".
Juan Antonio Iturbek gidatuko du Olaso Dorrerako bisita, eta bi txandatan banatuko dira, aihertar guztiak sar daitezen: "Hartara, ordu eta erdian astia emango digu Olaso Fundazioaren eta etxearen historia ezagutzeko, barruko objektuetan arreta jarrita".
Jarraipena, gazteen esku
Euskaldunen artean muga administratiboa lausotzeko ahaleginaren adibide argia da senidetze-harremana, eta hori elikatzen jarraitzea beharrezko ikusten dute. Naturala egiten zaie ohitura hori hasierako urteetatik jaso zutenei; bigarren herritzat hartzeraino. "Jaietan joaten ginen trikiti eta panderoa jotzera, artean 10 urterekin, eta, orduan kontziente ez izan arren, gerora, gure adin tarteko aihertarrak, demagun, Donostiako festetan ikusi, eta haiekin elkartzen ginen. Senidetzea punturik gorenean zegoen urteak ziren", esan du Lezetak.
Gaur egun, baina, uste du gehiago kostatzen dela gazteen arteko komunikazioa samurtzea. "Ohitura eta bizimodu desberdinak ditugulako, baita hitz egiteko modua ere. Baina, hain justu, hori da aberatsa. Azken finean, topaketetara etortzea da distantzia kulturala murrizteko modua", dio alkateak.
Baina onartu behar da badaudela herri-konpromiso horren testigua hartu duten gazteak. Joan den Korrikan, Aiherra inguruan hartu zuen kilometroa Antzuolako gaztetxeak. Zapatuan, Arrolako hainbat kide bertaratuko dira bazkarira, mendiko pistak garbitzen ibili ostean. Badago zeri eutsi, beraz.