Irati Lizarralde: "Badok sasoia gaztiaguak be gauzak egitten hasteko eta errelebua hartzeko"

Eki Letona Erretolatza

Irati Lizarralde Larrañaga, mendian. Argazkia: Irati Lizarralde.

Irati Lizarralde Larrañagak (Antzuola, 2003) herriko eta inguruko hainbat ekimen kulturaletan parte hartu izan du. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Huhezin, eta hezkuntzaren munduan ikusten du haren etorkizuna. Musikak, argazkilaritzak, naturak eta proiektuetan murgiltzeak leku berezia dute haren bizitzan.

Ze zaletasun daukan?

Argazkilaritza, musikia, natura, bidaiatzia, proiektuetan murgiltzia, ikus-entzunezkuekin lotutako ixa dana, umiekin egotia, lagunekin egotia eta familixiakin egotia be bai.

Musikia, ikus-entzunezkuak, argazkilaritza… hainbat arlotan ibilli haiz. Gustatzen jan gauza berrixak probatzia, ezta?

Beti najak hainbat gauzatan sartuta. Gustatzen jatak jente ezberdiñakin elkartzia eta proiektuak aurrera eruatia. Batzuetan, ez litzakek gaizki egongo gauza bakar baten zentrauta egotia; kar-kar.

Xugux-ekin kontzertuak emon dittun. Ze emoten don eszenatokira igotziak?

Momentu oso puntual baten eginddako gauza bat dok. Animau, eta pare bat aldiz igo giñuztan eszenatokira. Musikiak gauza asko emoten jostak; etxetik datorren zerbait dok, eta amama Maritxugandik datorrela esan neikek.

Ikus-entzunezko Komunikaziñua ikasitta, gaur egun zertan habill?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako masterra egin najuan aurreko urtian, eta oin, beste titulu batzuk etaratzen najabik. Goizetan, Antzuolako eskolako zaintzan ibiltzen nok. Nere etorkizuna hezkuntzaren munduan ikusten juat, gaur egungo sistemari aldaketa bat eta beste begirada bat emoteko asmoz.

Debagoienian aukera nahikua jaon ala kanpora begiratu bihar izaten don askotan?

Beti jaok kanpora begiratzeko ohitturia, baiña suertia jauku Debagoienian daren aukerekin, eta, askotan, eredu izaten dittuk hainbat proiektu eta ekintzatan. Nere etorkizuna Antzuolan ikusten juat, baña nere bizitzaren zati baten Ipar Euskal Herriko herri txiki baten biziko nitzakek.

Antzuola herri txikixa don; herri txiki baten bizitziaren onena? Eta txarrena?

Onena dok jentia elkarri laguntzeko prest dagola; kontzientzia hori jaok. Txikittan, bakarrik ibiltzen giñuztan kalian, eta uste juat hori be ezberdiña dala beste herri batzuekin konparauta. Danok ezagutzen juau alkar, eta horrek alde onak eta txarrak jauzkak. Txarrena: zerbait gertatzen badok eta iñork ez jakitzia nahi izan ezkero, herri osua enteratzen dala; kar-kar.

Zerk kezkatzen hau hire adiñekuen etorkizunari begira? Etxiak, lanak, ziurgabetasunak… 

Gauza askok kezkatzen najuek. Gizartia gero eta okerrau daola ikusten juat: eskuin muturraren gorakadia, gerrak, prekaridadia, lana, klima-aldaketia, hezkuntza, teknologia berrixak… Inguruko kezkia politikari lotuta daola esango neukek.

Eta Irati, gaztiaguei aholku bakarra emotekotan, ze esango hotsaken?

Gaztiaguei aholku hau emongo noskiek: herrixan daren ekimenetan parte hartzeko, proiektuetan murgiltzeko eta herrixandako gauzak egitteko. Indibidualismuaren garai honetan, gehixau konektau biharko giñukek herrixakin, mugikorrak alde batera itxi eta berriz be herrixan murgilddu. Danon artian gauzak errezauak izaten dittuk, eta badok sasoia gaztiaguak be gauzak egitten hasteko eta urte askuan dabitzen pertsonei errelebua hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak