Zergak eta tasak %4 igotzea eta etxe hutsen errekargua handitzea onartu dute

Hasier Larrea

Herenegungo ezohiko osoko bilkuran, Ordenantza Fiskalak bozkatzen.

Antzuolako Udalbatzak ezohiko osoko bilkura egin zuen eguaztenean, 2027ko ordenantza fiskalak onartzeko. Aldaketen artean daude, adibidez, hobariak hainbat urtez ematea ibilgailu hibridoei, elektrikoei eta CO2 isuri baxukoei

Gainontzeko herrietako udalbatzetan onartzen ari diren bezala, Antzuolako Udalbatzak ere KPIaren –Kontsumo Prezio Indizea– igoerara moldatuko ditu herriko zerga eta tasa orokorrak. Hori adostu zuten herenegun egindako Ezohiko Osoko Bilkuran, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin. 

Erdibideko erabaki bat izan dela azaldu zuen Olatz Lezeta alkateak: "2025 eta 2026ko irailen artean, %5 igo dira kontsumo prezioak Euskal Herrian. EAJk %3a igotzeko eskaera egin zuen Ogasun Batzordean, baina kopuru hori ez dugu behar bestekoa ikusten datorren urteko udal gastuei aurre egiteko, beraz, udal zerga eta tasetan %4ko igoera ezartzea da proposatzen duguna". 

%150eko errekargua

Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ere izango dira berrikuntzak. Nabarmenenak, lau urte edo gehiago hutsik dauden etxebizitzei %150eko errekargua aplikatuko zaiela. Era berean, lau urtez hutsik egon ondoren alokatzen diren etxebizitzei %50eko hobaria aplikatuko zaie OHZn, 2027an eta 2028an. Etxebizitza bakarrean erroldatuta dauden familia ugariek, bestalde, %90eko hobaria baliatu ahal izango dute.

Ibilgailu berriei hobaria

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergan ere %90eko hobaria izango dute familia ugariek, ibilgailu bakarrari aplikatuko zaiona. Hobariak jasoko dituzte, baita ere, emisio baxuko ibilgailuen jabeek: hibrido entxufagarria izateagatik, %75ekoa lau urtez; elektrikoa edo hidrogeno piladuna izateagatik, %90ekoa zortzi urtez, eta CO2 isuri baxuko ibilgailu berria izateagatik, %25 eta %50 artekoa, lau urtez. Zerga mota horren tarifa-taula eguneratu dute, gainera.

Ibilgailuen gaineko hobari horiek eskatzeko epea 2027ko urtarrilaren 1etik 31ra zabalduko da, udaletxean.

Komertzioei beherapena

Nahastutako hiri hondakinen gainean, berriz, Mankomunitateak proposatutako ordenantza bere egin zuen Udalbatzak. Hala ere, badaude xehetasun batzuk kontuan hartzekoak: etxebizitzei, industria-enpresei eta ostalaritza zerbitzuei igo egingo zaie zabor bilketaren gaineko tasa, baserriei mantendu eta biltegi eta komertzioei jaitsi. Kategoria horri jaistearen arrazoia da "iaz hondakinen bilketan jasotako sarrerak irteerak baino handiagoak izan zirela, eta, horregatik, komertzioei beherapena egitea hobetsi dela". 

Tasa turistikorik ez

Aurreikusita ez bazegoen ere, EUDELek proposatutako tasa turistikoaren legea onartu zuten presaz, abenduaren 31tik aurrera aplikatu ahal izateko. Turismo-jarduera "oso txikia" dela argudiatuta, Antzuolan ostatu hartzen dutenek %100eko hobaria jasoko dute, hau da, ez dute zergarik ordaindu beharko. Ibarrekoa da herriko turismo-etxe bakarra, hamabi oherekin. 

Bestetik, udalerri euskaldunek arnasgune izaten jarraitzeko UEMAren mozioa onartu zuten.

EAJ abstenitu egin da

Euzko Alderdi Jeltzaleko zinegotziek alde bozkatu zuten ezohiko osoko bilkuran ezarritako puntuetan, ordenantza fiskalak onartzeko bozketa salbuetsita. Abstenitu egin ziren puntu hartan, nahiz eta EAJko bozeramaile Josu Xabier Arangurenek adierazi zuen "orokorrean ordenantza fiskalen eguneraketarekin ados" daudela.

Desadostasuna zabor-bilketaren gaineko zergaren harira argudiatu zuen: "EH Bilduk ez du igoera erreala planteatu, Mankomunitateak gastu handiagoari egin beharko diolako aurre. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak %7 igo du Mankomunitateari kobratzen dion tarifa, eta, bestalde, kamioi flota berritu egin da. Gastu horiek ez dituzte datorren urtean ordainduko herritarrek, baina aurrerago bai. Estrategia politikoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak