"Arraroa" egin zitzaion 10 milioi biztanleko hiri erraldoi batetik 2.000 biztanleko herri txiki batera bizi izatera joateko aldaketa Fabrizzio Zappatari (Lima, 1997), baina dagoeneko neurria hartu diola aitortzen du, eta pozik mintzo da, haren pasiotik bizitzea lortu duelako.
Bizitza erdi daramazu borroka arteetan. Nolatan?
Pisua galtzeko asmoz hasi nintzen kirola egiten, 14 urterekin. Muay thaia izan zen lehenengo, gero boxeoa, eta, pixkanaka, beste borroka arte batzuk ezagutzen joan nintzen. 17 urterekin, valetudo diziplinan lehiatzeko aukera izan nuen. MMAren hastapenetako modalitate bat zen. Perun emaitza onak lortu nituenez, Brasilen eta Asiako hainbat lekutan ere lehiatzeko aukera izan nuen. Lehen zaletasuna zena orain nire bizimodu bihurtu da.
Zer irakatsi dizu borroka arteen munduak, kirolaz harago?
Bizitzak ematen dizkizun kolpeei aurre egiten, arazoei irtenbideak bilatzen eta amorerik ez ematen. Ikasketa hori baliagarria izan zitzaidan Peruko armadan egon nintzenean, misioetan hainbat esperientzia bizi izan nituelako. Baina egoera arruntagoetan ere etor daitezke kolpe gogorrak, adibidez, hipoteka ordaintzen, lana aurkitzen edota familia mantentzen bazabiltza.
Lehiatzeaz gain, formakuntzara ere dedikatzen zara, ezta?
Bergarako CrossFit zentroan ematen ditut MMA, boxeo eta muay thai eskolak. Denetariko ikasleak dauzkat, 14 eta 50 urte artekoak. Emakume dezente etortzen dira; haien artean, antzuolarrak. Izan ere, hemen ahoz ahokoak funtzionatzen du asko; beraz, lagungarria da ezaguna izatea. Gimnasiora datozen pertsonen artean badaude, esaterako, eskola-jazarpena jasan dutenak, euren buruarengan konfiantza hartu nahi dutenak, edo ohitura kaltegarriak alde batera utzi nahi dituztenak. Kirolak lagundu diezaieke euren buruarengan sinesten eta bizitzan norabide bat aurkitzen. Nire esperientziak on egiten diela ikusteak motibatzen nau gehien.
Nola hartu zaituzte hemen?
Hasieran, jendea itxi samarra iruditu zitzaidan, baina ulertzekoa da, testuinguru guztiz desberdin batetik natorrelako. Konturatu naiz nire itxurak arreta ematen duela, gorputza tatuajez beteta daukadalako, eta belarriak deformatuta, borrokan aritzearen ondorioz. Gustuko dut mendian ibiltzea, eta deigarria da nolako jakin-mina sortzen dudan baserritarrengan eta adineko jendearengan. Gelditu, berriketan hasi eta galdetu izan didate ea ezin ditudan operatu! Kar-kar.
Borrokalari bezala, Iruñean jokatu zenuen azkenengoz, irailaren 26an. Ez zinen bakarrik egon.
Nire adinaren bueltako herrikide dezente etorri ziren, bai. Oso polita da haien babesa sentitzea. Gainera, Nafarroa Arenan izan zen borrokaldia. Halako eszenografia, instalazioak eta antolakuntza ikusita, bikaina izan zen esperientzia.

Irabazi egin zenuen. Horren harira, nola funtzionatzen du zu mugitzen zaren zirkuituak?
Borrokalariek pisuaren eta kategoriaren araberako nazioarteko sailkapenak dituzte. Arrakasta izateko, erakundeek eta sustatzaileek fitxatzea beharrezkoa da. Horretarako, hainbat aukera daude: hautaketa-prozesu batean parte hartzea, lesionatutako beste borrokalari bat ordezkatzea edo kontratu zuzena lortzea. Azken hori da zailena. Gaur egun, asko baldintzatzen du sare sozialetan daukazun oihartzunak.
Eta zein da zure egoera?
66 eta 70 kilo arteko kategorian borrokatzen naiz; munduan 4.000 gara, eta 100 onenen artean nago. Hamabi borrokaldi jokatu ditut MMAn; lehenengo hirurak galdu egin nituen, eta hurrengo bederatziak irabazi. Hurrengoa abenduan jokatzea espero dut. Espainian, AFL eta WOW sustatzaileekin aritu izan naiz. Hazten jarraitzeko, ezinbestekoa da beti prest egotea. Batzuetan, katxe handiagoko borrokalari bat lesionatzen da, eta haren ordez sartzeko aukera sortzen da. Ilia Topuriak horrela egin zuen debuta UFCn [MMAren maila gorena].
Izango duzu harremana bailarako MMA borrokalariekin, ezta?
Noski; elkarrekin entrenatzen gara, eta, batzuetan, Bilbora joaten gara lan-saioak egitera. Yaman Mjahed arrasatearraren eta Rachid Archaoui aretxabaletarraren coach-a ere banaiz wrestling –borroka– modalitatean.