Bilboko film sozialen jaialdiko zazpi film labur ikusgai hilaren 16an

Hasier Larrea

Orain zer? dokumentaleko fotograma bat. Bitart New Media

Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiko saioetako bat hartuko du Torresoroak datorren ostiralean, 18:30ean, jaialdiaren sustatzaileek, Anelkarrek eta Udalak antolatuta. Zazpi ikus-entzunezko emango dituzte, errealitate sozial eta giza gatazka ugari pantailaratuta.

Piezarik laburrena Reconnect izango da. Minutu bakarrean plazaratuko ditu Sasha Kasatkinak hainbat gogoeta. Hiru minutu beharko ditu Ya Hanouni film laburrak ama baten eta aita baten arteko lehia kontatzeko; bost minutu, berriz, La Liga-k, padeleko bikotekideen arteko harremana azaltzeko.

Iraupen luzeagokoak dira beste laurak. Horietako batek euskal zigilua darama, Ainhoa Urgoitia Santamariaren Orain zer? dokumentalak, zeinetan emakumeen gorputzaren inguruan historikoki ezarri diren arauak eta begiradak aztertzen diren. Dokumental estiloan kontatuko dira baita ere haurdunaldi arriskutsu batetik abiatzen den Beatriz abrió su camino eta Brasilgo nekazari komunitate baten borroka erakusten duen Bajo el polvo, nuestra tierra. Fikzioa landuko du, azkenik, Le Jeune Sofiane lanak, 2005ean moto istripu batean hildako gaztearen kasuak sortutako zalantzak erdigunera ekarrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak