Salamancan dira Landatxopeko kideak, astebeteko egonaldia egiten

Hasier Larrea

Argazkia: Landatxope.

Joan den domekan hasi eta ostiralera arte luzatuko dute bidaia-zirkuitua, Salamanca probintziako eta Sierra de Franciako parajeetan barrena. Hala nola La Alberca, Ciudad Rodrigo, Peña de Francia, Arribes del Duero eta Mogarraz bisitatuko dituzte.

Urriaren 4an abiatu ziren Landatxope jubilatu elkarteko hainbat lagun Salamancako hegoalderantz, La Alberca herrira. Espainiako Multzo Historiko-Artistiko izendatutako lehen udalerria izanik, bisita gidatua egiteko baliatu zuten arratsaldea. Biharamunean Ciudad Rodrigon egin zuten geraldia, Sierra de Francia natur parkearen eta Las Arribes ingurunearen artean kokatutako hirian. Ondoren, Peña de Francia mendiko Birjina Beltzaga eta santutegia ezagutu zituzten, baita San Martin del Castañarrera ere, Francia ibaiaren ondoan eraikitako herria. 

Gaur, asteartea, Salamanca unibertsitate-hirian emango dute eguna, bertako katedralak, jauregiak eta elizak bertatik bertara ikusten. Bihar goizean ibai-gurutzaldia egingo dute Arribes del Duero natur parkean zehar, besteak beste, zikoina beltza eta arrano beltza moduko espezie babestuak ikusteko. Arratsaldean gorputza erlaxatzeko tartea hartuko dute, SPA El Acueducto zentroan. Ostegunean, berriz, Mogarraz Multzo Historiko izendatutako hiribildua izango dute helmuga. Tokiko jakiak dastatu ostean, Cepeda eta Miranda del Castañarrera joango dira, Sierra de Franciako ondare arkitektoniko eta gastronomiko handiko udalerrietara. Ostiralean, gosaldu eta itzulerako autobusa hartuko dute La Albercatik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak