Adin guztietako pertsonen eskubideak aldarrikatu zituzten eguenean

Hasier Larrea

Adinekoen Nazioarteko Egunean, Urriak 1, elkarretaratzea egin zuten hainbat antzuolarrek Herriko Plazan, Landatxope jubilatu elkarteak deituta. 

"Adinak ez gaitu ez hobeak ez txarragoak egiten, ez dugu ez diskriminaziorik ez pribilegiorik nahi. Elkarrekin ibili nahi dugu", aldarrikatu zuten eguenean Herriko Plazan hainbat antzuolarrek, Adinekoen Nazioarteko Egunaren baitan. 

Esaldi horrekin edadismoari egin zioten erreferentzia, besteak beste, adineko pertsonek pairatzen duten diskriminazio egoera horren hainbat adibide jarrita: "Gertatzen da, adibidez, lan baterako hartzen ez gaituztenean, zaharregiak garelako; ez dizkigutenean proba mediko batzuk egiten zaharregiak garelako eta garestiak izango liratekeelako; zaharrak garenean dibertitzeko edo dantzatzeko, arropa deigarria eramateko, bakarrik irteteko. Adinekoak gara, eta teknologiaz ez dugula ulertzen suposatzen da; beti gure ajeez hitz egingo dugula pentsatuko dute; Osasun Sistema kolapsatzen dugula. Txisteak egiten dira, baita gure mugez ere...".

Halako aurreiritziek batzuen eta besteen eskubideak defendatzea zailtzen dutela arrazoitu zuten, hala-nola, kalitatezko osasun publikoa eta gizarte-zerbitzu publikoak izateko eskubidea, hesi horiek haustea komeni dela baieztatuz.

Bertaratutakoek "maitasuna eta elkartasuna" helarazi zizkieten Palestinan "pentsaezina dena jasaten ari diren pertsona guztiei". Era berean, Israelgo gobernuak eragindako genozidioa salatu zuten, eta antzuolar guztiak animatu zituzten Antzuola-Palestina taldearen ekimenak babestera .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak