Errefuxiatu gisa, Granadan bizi da Mousa Khalib, Ramalatik irteteko baimenaren zain dagoen aitak erakutsitako diziplina artistikoa praktikan jartzen. Jaioterriko ipuin eta istorio tradizionalak kontatzen dituzte txotxongiloen bitartez, aitak Palestinan, eta semeak hemen, herriz herri: "Hango egoera salatzeaz bat, gizatasun eta tolerantzia mezuak zabaltzen dituzte emanaldietan", adierazi dute Antzuola-Palestina taldeko kideek.
Jarduera hori adin guztietako antzuolarrei gerturatuko die Khalibek ostiralean, Torresoroan, 19:00etan hasita. Tantura konpainiak Palestinan haurrekin egiten duten lana "zoragarria" dela azpimarratuta, ekitaldira bertaratzeko gonbidapena luzatu du Txotxongilo Mostrako antolatzaile Itxaso Azkaratek.