Errespetu handia zion Antzuolak Ilintxari, asko igarri da hori lehenengo zatian. Gorriak aurkariari neurria hartzen ibili dira, legazpiarrek ahalik eta gol aukera gutxien sortzeko tematuta. Josu Garitano atezainak ez du aparteko lanik izan, ezta Eneko Clemente Ilintxakoak ere.
Atsedenaldiaren ostean aurrealdean gehiago estutzeko borondate handiagoarekin zelairatu dira antzuolarrak, eta berehala jo dute lehen kolpea. Alboko sake bat bikain aprobetxatu du Mikel Garitanok, ezkerkada sareetara bidalita. 51. minutua zen, eta puztu egin dira Unai Murgiondoren mutilak. Hiru minutura beste sastada bat eman du area kanpotik Ekhi Larrañagak. Eskuin hegaletik baloia iritsi, kontrola egin eta atezaina iristen ez zen tokira bideratu du jaurtiketa.
Sei puntutatik lau
Hurrengo minutuak ondo kontrolatu dituzte. Aldaketekin freskotasuna irabazi du erdialdeak. Atzean kontzentratuta jarraitu dute, baina gutxinaka-gutxinaka bazetozen gora aurkariak. Hainbat alferreko gol aukeren ostean, Xabier Retegik zulatu du atea, geldikako jokaldian atzelariei bizkarra hartuta.
Tentsioz betetako hamar minutu geratzen ziren, baina antzuolarrek jakin dute gol bakarreko errenta mantentzen. Hala ere, Ilintxak izan ditu pare bat gol aukera garbi. Dena den, hainbat minututan lortu du Antzuolak arriskua urrun mantentzea, eta azkenerako garaipena lortu du, estu-estu izan bada ere.
Bi partidu jokatuta, lau puntu poltsikoratu ditu jokalari gaztez betetako taldeak. On egingo die konfiantza hartzen jarraitzeko.