Martxan da 70 urtetik gorako antzuolarren bizi kalitatea neurtzeko ikerketa

Hasier Larrea

Pertsona bat Kalegoin gora. 

Antzuolako Udaleko Gizarte Zerbitzuak herrian bizi diren 70 urtetik gorako ahalik eta pertsona gehienekin jarriko dira harremanetan, ze behar dituzten zehatz-mehatz jakiteko. Emaitzekin, txostena argitaratuko dute abenduan

Antzuolako Udalak ikerketa berri bat abiatu du, herriko adinekoen egoera eta bizi kalitatea ezagutu eta etorkizunera begirako plangintza diseinatu asmoz. Neurketa dagoeneko banatzen hasiak diren galdetegi baten bitartez egingo dute, eta abendu hasiera alderako espero dute jasotako emaitzekin txostena argitaratzea. 

Markel Manuel gizarte langile bergararrak daraman proiektuaren gidaritza eta, azaldu duenez, lehenengo urratsa gaiari buruz informatzeko bilerak deitzea izan zen: "Joan den astean pare bat hitzordu deitu genituen Landatxoperen egoitzan, eta, egia esan, nahiko arrakastatsuak izan ziren, jende dezente etorri zelako". 

Bilera horiek herri mailan dagoen interes-mailaren ideia bat egiteko balio izan zitzaizkion, eta oraindik ondorioak ateratzeko oso goiz dela onartu arren, irten omen ziren azpimarratzeko moduko hainbat kontu: "Oro har, ikusten dena da familiek lan-karga handia hartzen dutela, eskura dituzten gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri aurretik. Sarritan egoerak gainezka egiten duenean hasten dira zerbitzuak erabiltzen". 

Asko errepikatzen den beste erantzun bat da adineko pertsonen bizitokiaren ezaugarriek "zaildu" egin dezaketela "pisuarekin ibiltzeko, erosketekin etxera itzultzeko edota etxera igotzeko" prozesua. Ñabardura bat ipini du hor Manuelek, "desberdina" dela 70 urteko batek edo 90 urteko batek egin dezakeen analisia.

Denentzako aukera

Udalak lehenetsi du herrian erroldatuta dauden 70 urtetik gorako 360 pertsonengana heltzeko saiakera egitea, "adin horretatik aurrerako guztiek izan dezaten erantzuteko aukera, lagin bat aukeratu beharrean". Manuelek aipatu moduan, telefonoz saiatuko da ahalik eta gehienekin harremanetan jartzen, eta nahi izanez gero, aurrez aurre erantzun ahal izango dituzte galderak, adinekoek edota haien ordezkariek aukeratzen duten tokian, izan etxebizitzan bertan edo kalean.

Galdetegia anonimoa dira, baina bai eskatzen du norbera bizi den zonaldea identifikatzea. Horren arrazoia herriko gune bakoitzean ze errealitate dagoen ezagutzea da: "Hau da, herri mailako baliabideetan egin daitezkeen hobekuntzak zeintzuk izan daitezkeen jakitea, adinekoen beharretara egokitze aldera", zehaztu du Manuelek.

Guztiaren gainetik, pertsona bakoitzaren bizi kalitatea zein den jakitea da helburua. Hori dela eta, hainbat ataletan dago banatuta inkesta: egoera pertsonalean eta ekonomikoan, osasunean, autonomian, etxebizitzaren eta atariaren ezaugarrietan, egunerokotasunean, harreman sozialetan eta eskura dituzten gizarte arloko baliabide eta zerbitzuen ezagutzan.

Baliabideak egon, badaude

Azken puntu horri dagokionez, gizarte langileak uste du herri mailan baliabide nahikoa dagoela, eta, oro har, jendeak ezagutzen dituela: "Gipuzkoa mailan dauden zerbitzuak dira. Esaterako, etxez etxeko laguntza; gizarte langilearekin hitzordua eskatuta jasotzen den formazio, balorazio eta orientazio zerbitzua; telelaguntza; Eguneko Zentroa; eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileei laguntza psikologikoa emateko Sendian programa". 

Horiez gain, Landatxope jubilatu elkartea, memoria garatzeko tailerrak eta lau logelako arreta zerbitzua eskura daudela ere dio: "Arreta zerbitzu horrek logela bermatzen dio, adibidez, aldaka apurtu eta etxera igotzeko ezintasuna duen pertsona bati. Errekuperatu bitartean, arreta zerbitzuan egon daiteke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak