Irati Lizarraldek esan bezala, "gaur egun taldean gauden bost kideok, pixkanaka, bigarren plano batera edo ekintza puntualagoetara pasatu ahal izatea ere bilatzen dugu, eta horretarako beharrezkoa da belaunaldi berriei lekua egitea". Azken urteetako balorazioa egiteko eskatuta, antolatu dituzten ekintzek "oso harrera ona" izan dute herrian, eta balio izan dute taldea indartzeko eta aurrera begira ekintza gehiago egiteko. Txanponaren beste aldea ere erakutsi du Lizarraldek. Onartu duenez, "nahi baino denbora gutxiago" eskaini diote Idolazi, taldetik at dituzten konpromisoak direla eta.
Hala, haur eta nerabeekin aritzea gustuko duen eta lan egiteko gogo eta motibazioa duen edonorentzat da aproposa bilera. Bertaratzeko interesa bai baina disponibilitaterik ez daukanak, Idolazen Instagram kanal bidez jar daiteke aisialdi taldearekin harremanetan.
Oro har, Antzuolako haur eta nerabeentzako ekintzak sortu eta antolatzea da Idolazen egiteko nagusietako bat, "naturaz eta musikaz gozatzeko, elkar zaintzeko eta, batez ere, elkarrekin ondo pasatzeko asmoz".
Hainbat ekitaldi puntual
Egunerokotasunean, jarduera nagusietako bat Antzuolako Herri Eskolako goizeko zaintza zerbitzua dute, Pausoka guraso elkartearekin batera kudeatuta. Elkarte horrekin egin zituzten iazko Gabonetan lehen aldiz Negulekuak, eta, diotenez, "emaitza positiboa" izan zuten.
Urtean zeharreko bestelako ekintzen artean, Olentzeroren jaitsiera eta kanpo-irteerak nabarmendu ditu Lizarraldek. Dagoeneko hasiak dira epe laburrerakoak diseinatzen: "Kanpo-irteera bat prestatzen ari gara urriaren 24rako, eta laster emango ditugu xehetasunak".
Beste aurreikuspenetako bat gaztetxea ere haien elkarguneetako bat izatea da: "Ideia lantzen ari gara, baina aurrerantzean taldearentzat topaleku garrantzitsua izatea nahiko genuke, espazioa hilean behin erabilita".