Gorengo Mailara igo berri den taldea izanda, sentsazio onekin hasi gura zuten denboraldia futbolariek. Bada, joan den asteburuko estreinalditik zapore gozoarekin itzuli zirela azaldu du Unai Murgiondo entrenatzaileak: "Lehenengo zati borobila jokatu genuen Azpeitian, atsedenaldira gol bateko errentarekin joanda, eta alde handiagoarekin joatea merezita. Bigarren zatia, berriz, aldapa gora jarri zitzaigun, fisikoki behera egin genuelako. Lagun Onak aurretik jarri zen markagailuan, baina azken minutuetan estutu eta berdinketaren gola sartzea lortu genuen. Oro har, pozik gaude kategoria berria etxetik kanpo puntuatuta hasi dugulako".
Hartara, beste patxada batekin prestatu dute zapatuan, 16:30ean, Ilintxaren aurka jokatuko duten norgehiagoka. Iazko azarotik etxeko partiduak Bergaran jokatzen aritu eta gero, Eztalan jokatu ahal izango dute azkenik, berdegune berriko lanak amaituta. Hala ere, zelaia ez dute oraindik %100ean prest ikusten: "Badaude kautxua guztiz egonkortu gabeko zati batzuk, eta ureztatuta ezean, bote arraroak ematen ditu baloiak. Hortaz, espero dugu zelaia aldatu duen enpresak zepiloa berriz pasatuko duela. Dena den, geroz eta gehiago erabili, orduan eta egonkorrago dago", esan du Murgiondok.
Eztalaren berezitasunak
Oso zelai estua da Antzuolakoa, alboko sakeek pisu handiagoa dute estrategia jokaldietan eta horietan gailentzeko esperientziadun jokalariak beharrezkoak dira. Jokaldi arruntak ere, oro har, duelu askokoak izaten dira. Horren jakitun, etxean bestelako planteamendu batekin irtengo direla jakinarazi du entrenatzaileak: "Azpeitian, hamaikakoan atera zen jokalari nagusienak 24 urte zituen. Eztalan hobe izango da eskarmentu gehiagoko jendearekin irtetea. Ohituta gaude hemengo jokora eta eroso sentiarazten gaitu".
Ilintxa legazpiarrak izango dituzte aurrean, "sailkapeneko goiko postuengatik lehiatuko duen taldea". Ezagunak dituzte, denboraldi-aurrean neurtu zituztelako indarrak, 2-3 irabazita, baina ligako neurketa beste istorio bat izango da. Horren harira, taldeak espero du "iaz bereziki etxetik kanpo jaso zuten zaleen babes bero hori sentitzen jarraitzea".
Bultzada ekonomikoa
Klubak ere eskertuko du herritarren presentzia, kirol arloan, eta baita arlo ekonomikoan ere, kontuan hartuta taberna zabaldu ahal izango dutela, "horrek dakarren bultzadarekin". Ildo beretik, oraindik AKEren babesle ez diren herriko komertzio eta enpresak animatu dituzte ekarpen ekonomikoa egiteko.
Infantiletan, hutsunea
Osterantzean, futbol eskolaz gain, kadete eta gazte mailan atera dute taldea mutiletan, eta kadeteetan nesketan. Izan ere, 2013-2014 urte arteko ekiporik ezin izan dute osatu, ez lehiatzeko behintzat: "Mutiletan, hiru jokalarigatik geratu gara ligatik kanpo, ondorioz, lagunartekoak jokatuko ditugu. Nesketan, berriz, Bergaran jokatuko dute infantil mailako gehienek, eta batek Antzuolako kadeteekin", azaldu du zuzendaritza batzordeko Iker Mansok.