Antzuolako Udalak prest du aurtengo ikasturterako ikastaro eta jardueren eskaintza sorta. Adin eta interes desberdinetako herritarrei zuzendutako proposamenak izango dira, eta horien artean daude abesbatza, antzerki eskolak, aretoko dantzak, atabala, eskulanak, luzaketak, txaranga, txistua eta yoga.
Abesbatzak umeentzako zein helduentzako taldeak izango ditu, doan. Saioak astelehenetan izango dira; umeena, 18:30etik 19:30era, Olaranen, eta musika eskolako ikasleez gain, nahi duten haur guztiek parte hartu ahal izango dute. Helduen taldea, berriz, 19:30etik 20:30era elkartuko da, Marije Ugaldek gidatuta.
Antzerkian aritu nahi dutenek DAP Debagoieneko Antzerki Eskolaren saioetan parte hartu ahal izango dute astearteetan. Kasu horretan, hileko kuota 25,75 eurokoa izango da eta informazioa zein matrikula DAPen bidez edo udaletxean egin ahal izango dira.
Musika-tresnei dagokienez, atabala, txaranga eta txistua jotzen ikasi ahal izango da, debalde. Atabaleko saioak astelehenetan izango dira, 17:30etik 18:30era; txaranga, berriz, astearteetan, 19:00etatik 20:00etara, Bittor Giralen eskutik.
Eskulanen kasuan, LH1etik gorako umeentzako hiru ordutegi eskainiko dira: asteazkenetan 17:30etik 18:30era edo 18:30etik 19:30era, eta ostegunetan 16:45etik 17:45era. Helduek, berriz, ostegunetan izango dituzte saioak, bi ordutegitan: 14:45etik 16:30era eta 18:00etatik 19:45era.
Bestalde, luzaketa saioak astelehenetik ostiralera izango dira, 09:15etik 10:15era, Olarango bigarren solairuan, dohainik.
Yoga eta aretoko dantzak
Yoga egin gura dutenak bi egutegitara moldatu ahal izango dira, Uxue Otaolaren eskutik: astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:30era; edo astearte eta ostegunetan 10:30etik 12:00etara.
Aretoko dantzen saioak, berriz, astearteetan egingo dira, 17:00etatik 18:30era, urriaren 6tik maiatzaren 25era bitartean. Taldea gehienez hogei lagunek osatuko dute eta Torresoroan elkartuko dira, Estitxu Bravorekin.
Aretoko dantzetan, umeen eta helduen eskulanetan eta yogan izena emateko azken eguna irailaren 25a izango da, eta udaletxean bete beharko da izen-emate orria. Ikastaroetan izen-emate ordena errespetatuko da.
Euskara, maila desberdinetan
Urrian hasita, bost mailatan banatu du AEK-k, Udalarekin elkarlanean, aurtengo ikasturteko eskaintza: A0, A1-A2, B1-B2, C1 eta Gure ezagutza hobetuz.
A1-A2 mailako eskolak astearte eta ostegunetan izango dira, 17:00etatik 19:00etara. B1-B2 mailako mintzapraktikak astelehenetan egingo dira, 18:00etatik 20:00etara; eta titulua lortzeko saioak, astearte eta ostegunean, 15:00etatik 16:30era. C1 mailako ikastaroa bi egunetan izango da, bi orduz saio bakoitza, eta oraindik ordutegia ez dago zehaztuta. Eta jubilatuei zuzendutako Gure ezagutza hobetuz astearte eta ostegunean garatuko dute, goizez zein arratsaldez; aurrerago zehaztuko dute ordutegia.
Parte-hartzaileek Antzuolako liburutegian eman beharko dute izena, irailaren 22rarte, astelehenetik ostiralera.
Uler-saioen aurkezpena
Bestetik, Gipuzkoa Arigune egitasmoaren Uler-saioek bigarren ikasturtea burutuko dute Antzuolan. Informazio saioa egingo dute hilaren 22an, 18:30ean, Olaranen.