Olalde pilotalekua hasi da jasotzen herriko pilotari gazteen denboraldi honetako lehenengo lansaioak. Momentuz, 50 neska-mutil ari dira pilota eskolan, benjamin, alebin, infantil, kadete, jubenil eta nagusien mailetan. Elkarteak jakinarazi duenez, irailean eta urrian zabalik izango da pelotari berriek eskolan izena emateko aukera, eta interesa duen orori luzatu diote gonbidapena.
Kadete, jubenil eta nagusiek irailaren 1ean ekin zieten entrenamenduei, eta benjamin eta alebin mailakoek aste honetan. Ekainera arte eutsiko diote asteroko dinamikari, txapelketa eta bestelako jardueretarako prestatzeko. Besteak beste, Eskolarteko Txapelketan, Euskal Ligan, Gipuzkoako Federazioko eta Udaberri Txapelketetan, Gipuzkoako kriol egokituko pala txapelketan, Debagoiena Gabon Kopan, Emakumezkoen San Isidro Txapelketan eta Gipuzkoako Herriartekoan hartuko dute parte. Horiez gain, Atzeko Txapelketa Herrikoia, Olalde Pilota Eskolako Txapelketa eta Antzuolako jaietako pilota jaialdia ere egingo dituzte.
Palak ere badu tokia
Aurtengo berritasun nagusietako bat benjamin eta alebin mailetan pala entrenamenduak eskaintzea izango da.
Frontoiak eskertu egingo du herritarren berotasuna. Elkarteak espero du denboraldian zehar jokatuko diren partidez gozatzera etorriko direla pilotazaleak.