Yoga eta eskulan ikastaroak jarriko dira martxan urrian

Hasier Larrea

Antzuolako Udalak yoga eta eskulan ikastaroak antolatu ditu udazkenerako, eta izen-ematea zabalik dago, udaletxera bertaratuta.

Alde batetik, yoga ikastaroa Uxue Otaola irakasleak bideratuko du eta bi talde ezberdin egongo dira aukeran: lehenengoa astelehen eta asteazkenetan izango da, 17:00etatik 18:30era, eta bigarrena astearte eta ostegunetan, 10:30etik 12:00etara. Ikastaro honen hileko tasa 42,44 eurokoa da, eta urriaren 1ean zein 5ean emango zaie hasiera saioei. Parte-hartzaileek arropa erosoa, yogarako esterilla bat eta mantatxo bat eraman beharko dituzte. Taldeak hamar eta hamalau lagun artekoak izango dira, eta plazak izen-ematearen ordenaren arabera esleituko dira.
 
Bestalde, eskulanen arloan, haurrentzako nahiz helduentzako ikastaroak eskainiko dira. Lehen hezkuntzako 1. mailatik gorako umeentzako eskulan ikastaroa asteazkenetan –17:30-18:30 nahiz 18:30-19:30– eta ostegunetan –16:45-17:45– egingo dute. Kasu honetan, hileko tasa 12,73 eurokoa da eta saioak urriaren 1ean eta 7an hasiko dira. Talde bakoitzean gutxienez zazpi haur eta gehienez hamaika egongo dira, eta izen-ematearen ordena errespetatuko da plazak banatzerakoan.
 
Helduen eskulan ikastaroari dagokionez, Edurne Uribesalgo izango da irakaslea eta saio guztiak ostegunetan egingo dira, bi ordutegitan: 14:45etik 16:30era edo 18:00etatik 19:45era. Ikastaro honek 25,46 euroko balio du hilero, urriaren 1ean hasiko da eta gutxienez zazpi laguneko taldea osatu behar da aurrera eraman ahal izateko.
 
Ikastaro hauetako edozeinetan izena eman nahi dutenek irailaren 25a baino lehen gerturatu beharko dute Antzuolako udaletxera, bertan dagokion izen-emate orria betez.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak