Patxi Luquek (Soraluze, 1973) bere izena daraman musika proiektua jarri du martxan. Diskoa bakarka sortu eta grabatu ondoren, musikari talde bat batu du inguruan, eta apiriletik dihardute kantu berriak zuzenekoetara eramaten. Metalaren egungo egoera, sorkuntza propioaren garrantzia eta musikarekiko duen pasioa izan ditu hizpide.
Sarritan ikusi zaitugu bailarako kontzertuetan, bakarka zein taldean. Orain, proiektu pertsonalagoa duzu esku artean. Zer dela eta?
Nik sortutako abestiak grabatu nituen 2024an, Pedro Monjeren estudioan, eta horiek taularatzeko taldea osatzeko gogoz nengoen. Urtebete egon nintzen geldi, halabeharrez, baina aurten lortu dut taldea osatzea. Adibidez, Jabi Martinez bergararra dago tartean, baita Angeles del Infiernon aritutako Iñaki Munita ere. Lehiaketa batzuetan hartu dugu parte; adibidez, irail bukaeran jakingo dugu Durangoko Koba Live Festivalen parte hartzeko aukera izango dugun.
Love & Hate-n hamar kantu datoz; horietako bost entzungai daude sarean.
Pixkanaka goaz abestiak igotzen. Hitzak dituzte batzuek, eta instrumentalak dira beste batzuk. Gainera, badauzkat esku artean kantu gehiago; diskoan argitaratutakoak baino indartsuagoak dira.
Taldekideek zenbateko askatasuna dute euren ekarpenak egiteko?
Nik neuk bizi izan dut talde batean ia ezer aldatzen uzten ez zidaten egoera, eta ez zitzaidan batere gustatzen. Taldekideen proposamenetara zabalik nago; batzuetan, ezetz esan izan diet, ez dudalako ikusten, baina, beste batzuetan, pentsatu izan dut sekulako ekarpena dela.
Askotan esaten da musikariak adinean aurrera egin ahala musika lasaiagoa egiten hasten direla. Zure kasuan, kontrakoa dirudi.
Berandu hasi nintzen. Familia gazterik izan nuen, eta seme-alabak koxkortu arte ezin izan dut musikarekin nahi nuen bezala jardun. Horregatik, barruan neukan energia guztia orain ateratzen ari dela sentitzen dut. Gazte sentitzen naiz, eta hurrengo lanarekin are gehiago jo nahi dut norabide horretan.
Aurrekoarekin alderatuta, nolakoa izango da?
Love & Hate-n abaniko zabala dago. Kantu akustikoagoak daude, kantautore kutsukoak, baina baita speed estilora hurbiltzen diren instrumental oso indartsuak ere. Denetik pixka bat dago. Bigarren diskoan, berriz, estiloa gehiago definitu nahi dut. Eta asmoa ere bada bonbo bikoitza barra-barra sartzea.
Nola ikusten duzu heavy metalaren inguruko giroa gure inguruan?
Taldeak badaude, baina taberna eta areto txikien zirkuituan beherakada nabaritu dut. Eta badago kezkatzen nauen beste kontu bat: tributu-taldeen gorakada. Denok gozatzen dugu betiko abestiak entzutean, baina, musikariok tributuak egitera bakarrik dedikatzen bagara, nork sortuko du musika berria? Kantu propioak egin behar dira, talde berriei babesa eman eta belaunaldi berriei lekua egin.

Diozunez, kontzertuak antolatzeko moduaren bilakaerak ez du horretan laguntzen.
Asko aldatzen ari da guztia, eta oso azkar. Lehen, leku batzuetatik deitu eta jotzeagatik ordaintzen zizuten; gaur egun, zenbait kasutan, ia taldeak berak ordaindu behar du jotzeko. Musikaren munduan konplikatua da ordainsarien gaia. Gauza bat da elkarte batekin edo helburu solidario batekin elkarlanean aritzea; hor ez daukat inolako arazorik baldintza berezietan jotzeko. Baina beste gauza bat da musikari baten lana, ekipoa mugitzea eta kontzertu bat prestatzea behar bezala ez baloratzea. Horrez gain, aretoek gero eta baldintza zorrotzagoak bete behar dituzte eta askok itxi egin behar izaten dute. Talde txikientzat zirkuitu horretan sartzea gero eta konplikatuagoa izan daiteke.
Gitarra irakasle ere bazaitugu.
Gitarrarekiko eta musikarekiko maitasuna transmititzea izugarria da; ikustea ikasle bat sortzeko gai dela, hori sekulakoa da. Esaterako, nire ikasleetako batek Harrikada taldean jotzen du. Nirekin hasi zen gitarra jotzen eta orain haren proiektua dauka. Horrelako gauzek ilusio handia egiten didate.
Zer da zuretzat ikasle bati irakasteko ezinbestekoa?
Saiatzen naiz ikasleen abanikoa zabaltzen. Ez dut nahi estilo bakar batean itxita geratzea. Musika mota desberdinak entzun, probatu eta eboluzionatzea bilatzen dut.
Noiz sartu zitzaizun musikarekiko harra?
Musikak betidanik erakarri nau, baina Iron Maidenen disko bat pasatu zidatenean zerbait piztu zitzaidan barruan. 17 urte neuzkan. Pentsatu nuen nik hori egin behar nuela. Gitarra bat erostera joan, eta serio jarri nintzen. Erreferente asko izan ditut, baina bi aukeratu beharko banitu, Su Ta Garreko Aitor Gorosabel esango nuke, batetik, Soraluzen zuzenean ikustean sentitu nuenagatik, eta Gary Moore, bestetik; neukan ametsetako bat hura ezagutu eta harekin jotzea zen.