Ikasturteari hasiera emateko ohiko jaialdia izan ohi da Elkartasun Jaia, Anelkar Elkartasun Taldearen eskutik, eta horrela izango da aurten ere. Tortilla pintxoak izango dira salgai, herritarrek eginikoak, eta, horrenbestez, hitzordua gordetzeko eta tortillak eramateko eskaria egin dute antolatzaileek. Zurrategin egingo dute jaialdia, 19:00etan hasita.
Pintxoen salmentatik lortutako dirua Kongon eta Senegalen martxan dituzten proiektu batzuetara bideratuko dute, azken urteetan bezalaxe. Iaz 51 tortilla eraman zituzten denera herritarrek, eta pintxoen salmentarekin 1219 euro eskuratu zituzten, "primerako erantzuna".