Proiektuetarako dirulaguntzak jaso ditu Udalak, besteak beste, argiteria publikoa berritzeko

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 30a

Antzuolako Udalak jakinarazi du hainbat administrazioren dirulaguntzak eskuratu dituela azken hilabeteotan, udalerrian hobekuntza eta inbertsio-jarduketak gauzatzeko helburuarekin, argiteria publikoa hobetzera, Basaldeko bidegorri zatiaren proiektua idaztera, autokonpostaje proiektura eta Altzetako bidea konpontzera bideratuko dira dirulaguntzak. 

Oro har, 182.403 euro jaso ditu Antzuolako Udalak lau proiektu horietan inbertitzeko. Udal arduradunek bereziki nabarmendu dute argiteria publikoa hobetzeko emandako 121.620 euroko dirulaguntza: "Horri esker, udalerriko argiteria berrituko da, eraginkortasuna irabaziz, energia-kontsumoa murriztuz, mantentze-lanak optimizatuz eta herritarren segurtasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetuz".

Altzetako bidea konpontzeko, berriz, 35.000 euro jaso du,  hondakin organikoak kudeatzeko proiekturako 17.465 euro, eta Basalden bizikleta eta oinezkoen bideen loturarako proiektua idazteko 8.318 euro.

Asaldegietan, zuhaitz mozketa

Beste jarduketa baten berri ere eman du Udalak. Herri Onurako Mendi gisa izendatuta dagoen Asaldegieta inguruan, egur-aprobetxamendua gauzatzeko kontratua esleitu du. Enpresa ustiatzaileak  ordainduko du, denera, matarrasa bidezko teknikarekin zuhaitzak moztearen truke: "Jarduketa hau indarrean dagoen baso- eta ingurumen-araudiaren arabera gauzatuko dela zainduko dugu, baliabide naturalen kudeaketa arduratsua eta jasangarria bermatzeko", adierazi dute udal arduradunek. Aldundia, bestalde, 277.090 euroen  %20arekin geratuko da, gunea hobetzeko inbertsioa egin dezan. 

Kreditu gehigarria, onartuta

Nobedade horien berri eman zuten udal arduradunek uztailaren 27ko osoko bilkuran. Diru kontuekin jarraituta, aho batez onartu zuten 168.979 euroko kreditu gehigarria aplikatzea udal aurrekontuari, udal zerbitzuek dituzten premiei eta obligazioei "berehala" aurre egiteko. Bide eta kaleen konponketa eta mantenura bideratuko dute zati handiena –53.00 euro–. Geratzen den kantitatea, besteak beste, hirigintza arloko proiektuen idazketarako, brigadaren materialerako, auzo konposta proiekturako eta Iraingo txabola moldatzeko izango da. 

Olatz Lezeta alkateak eta Aritz Igeltz Hirigintza zinegotziak ziurtatu dute kreditu gehigarria onartzeko "egoera ekonomiko onean" dagoela Udala gaur gaurkoz. 

 

Uztaileko osoko bilkura. 

Bide publikoari eragiten dion Ordenantza

Aho batez onartu zuten, baita ere, jabetza pribatuetako zuhaitzen mantentze eta inausketa arautzen duen Ordenantza. Bide publikoari eragiten dioten kasuan izango da aplikagarria: "Badaude mendi-bide batzuk lur pribatuetatik igarotzen direnak, baina erabilera publikoa ematen zaienak. Arrazoi horregatik, Udalak eskumena izango du lurjabeei jakinarazteko zuhaitzen baten egoerak bidea oztopatzen badu, haren ardura izango dela inaustea, beharra ikusiz gero. Udalaren abisu bat jasoko dute lehenengo, eta epe baten barruan ez badute esku-hartzerik egin, Udalak esku-hartuko duela eta kostua lursailaren jabeak ordainduko duela jakinaraziko zaie hurrena". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak