Aurtengo denboraldiko batzar orokorra egin zuen hilaren 21ean Antzuola Kirol Elkartea futbol klubak. Arlo finantzarioa abendutik hona Eztala futbol zelaian egindako lanek baldintzatu dute erabat. "Alde batetik, harmaila eraikitzeko 21.500 euroko inbertsioa egin du klubak, Goizper enpresak egindako diru ekarpenarekin batera. Horri gehitu behar zaio belar aldaketaren ondorioz taberna ezin izan dela zabaldu; kalte ekonomikoa nabarmena izan da, taberna AKEren diru-iturri garrantzitsuena da eta", azaldu du Iker Manso batzordekideak. Ondorioz, 12.544,71 euroko galerarekin itxi dute 2025-2026ko denboraldia.
Dioenez, kontuak orekatu eta egoerari buelta emateko "lanketa betean" dago batzordea. Proposamenak aztertuko dituzte, denboraldi berriarekin martxan jarri eta "datozen urteetan" onbidera itzul daitezen.
Gaur-gaurkoz, 323 bazkide dauzka kirol elkarteak, eta 163 jokalarik erabiltzen dituzte astero Eztalako instalazioak. Gizonezko lau taldetan –nagusiena, gazte mailakoa, kadete mailakoa eta infantil mailakoa–, emakumezko bitan –infantil eta kadete mailetakoa– eta futbol eskolan daude taldekatuta. Azpimarratzekoa da 47 haurrek hartzen dutela parte futbol eskolan.
AKEren zuzendaritza batzordea, bestetik, hamaika lagunek osatzen dute; Jokin Aranzabal da presidentea eta Nerea Telleria, diruzain eta idazkaria. Batzordekide batek lagako du kargua orain, Eneida Mazmelak. AKEk, batzordea berritzen joateko, deialdiak egingo ditu epe labur eta ertainean.
Esker oneko hitzak
Batzordekideek esker ona adierazi diote Mazmelari, "urteotan egindako lanagatik", baita hainbat norbanako, erakunde eta enpresari ere: "Goizperri, Eztalan harmaila estali bat egokitzeko egindako ekarpenagatik; Aldundiari, Gipuzkoako Futbol Federazioari, Realari eta Udalari, belarra aldatzeko lanak kudeatu eta diruz laguntzeagatik; herritarrei eta herriko enpresa, taberna eta dendei, klubaren sostengu izateagatik; eta kirol arloko langile guztiei".
AZKEN UKITUAK BERDEGUNEAN

Eztalako belar artifiziala aldatzeko lanak azken txanpan daude, eskuila mekanikoarekin kautxua zapaltzea besterik ez da falta. Modu horretan, kautxua oinarriraino jaitsi eta gainazala mailakatuta geratuko da. Asteburu honetan egingo dituzte esku-hartze horiek. Bestalde, zelaiaren perimetroa inguratzen duen barandaren zati handi bat aldatu egin dute hilabeteotan, egurrezko posteen ordez altzairuzkoak jarrita.
Beraz, datorren denboraldirako prest izango du zelai berria Antzuola Kirol Elkarteak. Euria egiten duenerako, gainera, zaleek harmaila estalia izango dute eskura. Instalazio hori denboraldi honetan egokitu dutela kontuan hartuta, Eztala eraberritu batekin egingo dute topo bisitariek. AKEren nagusien taldeak Gorengoen Mailan jokatuko du, eta, besteak beste, Aretxabaletako bigarren taldearekin neurtuko ditu indarrak.