Gazte gara gazte

Oihane Lizarralde: "Toki guztietan egoten nok, eta 'saltsa guztietako perrejilla' naizela esaten juat"

Eki Letona Erretolatza 2026ko uztailaren 24a

Oihane Lizarralde Ugalde mendian. Argazkia: Oihane Lizarralde

Oihane Lizarralde Ugalde (Antzuola, 2001) geldirik egoten ez dakien horietakoa da. Dantzaria, irakaslea, eski-monitorea, mendiko oztopo lasterketetan aritutakoa eta Idolaz Aisialdi Taldeko kidea izan da. 

Zela aurkeztuko heuke heure burua?

Mobitzen dan neska bat bezela aurkeztuko nintzakek. Toki guztietan egoten nok, eta, askotan, saltsa guztietako perrejilla naizela esaten juat; kar-kar. Lanian ez banajaok, dantzan najaok; dantzan ez banajaok, eskiatzen; eta bestela, beste zerbait egitten. Hala eta be, etxekuekin egotia asko gustatzen jatak, eta lagunekin be asko disfrutatzen juat.

Dantzia, eskixa, mendiko oztopo lasterketak... Geldirik egoten ez dakiñala emoten jon. Zer billatzen don jarduera horretan?

Askotan, ez juat denporarik hartzen gelditzeko, arnasia hartzeko, ingurura begiratzeko eta daukatena aprobetxatzeko. Baina, egixa esan, denpora hori hartzen ez dotenian gorputzak ez dostalako eskatzen izaten dok. Azken denpora honetan, gorputzak geldixago egoteko eskatu jostak, eta denporatxo bat jaroiat mendixan antxintxika egin barik, edo kirolik egin barik. Hala eta be, dantzarekin eta aisialdiaren munduarekin lotuta jarraitzen juat. Eski-irakasle eta mendiko lasterketetan gustora ibiltzen nok, mobimentua asko gustatzen jatalako, baina gelditzia be ondo etortzen dok.

Irakasle jarduten don. Zer ikasi don ikasliengandik, biharbada inork erakutsi ez donana?

Irakasle jarduten juat, bai aisialdiaren munduan, bai ikastoletan. Ikasliek erakutsi jostek momentua bizitzen. Umien moduan unia disfrutatzen eta ez etengabe beste gauzetan pentsatzen. Gaur egun, oso azkar goiazek, gauza asko jauzkagu egitteko, eta beti garek hurrenguaren zain. Ikasliek erakutsi dosten gauza bat izan dok egitten dihardutenaz disfrutatzen, eta une horrekin geratzen.

Idolaz Aisialdi Taldeko kidia; zer emoten don, ba, boluntarixo jardutiak?

Idolaz aisialdi taldia lagun batzuekin batera hartu giñuan, 2018 inguruan, eta urte honetan bilakaera haundixa izan juau. Lantaldia asko aldatu dok, pertsona oso desberdinak jarek gaur egun, eta gu geu be asko aldatu gaittuk hasieratik hona. Neri aisialdiak asko emoten jostak, eta ez jostak ardura boluntarixo jardutiak edo ordainduta egittiak. Azkenian, gaztiei eta umiei asko jaukat emoteko; neri emoten dosten bezela. Asko gustatzen jatak harendako gauzak antolatzia eta eskeintzia.

Lanaren eta zaletasunen artian, zela topatzen don orekia? Noiz esaten jan heure buruari: "Gaur ez jonat ezer egingo"?

Zailla izaten dok oreka hori topatzia: noiz geldittu, noiz hartu denboria lagunekin egoteko edo hire gauzak egitteko. Gurpil barruan najoiak etengabe, eta ez nok gelditzen. Batzuetan, heu gelditzen ez bahaiz, gelditu eragin egitten doske. Gehixenetan, ingurukuek esaten jostek pixka bat jaisteko eta arnasia hartzeko, ni ez naizelako gauza gelditzeko.

Hemendik hamar urtera begira, zer gustauko litzakin berdin mantentzia, eta zer aldatzia?

Egixa esatiarren, ez jakixat. Aisialdia asko gustatzen jatak eta asko emoten jostak. Aurten izan dok lehen urtia ez dotela aukerarik izan udalekuetara joateko, lanian egon naizelako, eta horrek hutsune txiki bat laga jostak barruan. Ez jakixat aisialdia albo batera lagako doten ala ez; ikusiko juau bizitzak nora eruaten naben. Nere burua irakasle lanetan ikusten juat, eta aisialdi munduan, arnasa hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak