Urrutira joan barik, herriko txokoak ezagutaraztea da Arrolaren erronka

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 15a

Familiak, martxoan egindako eskola arteko ibilbide neurtuan. arrola m.t.

Batzar orokorra egin du Arrola MTk, lau batzordekide berri izendatuta.

400 bazkide antzuolar inguru dituen Arrola Mendizale Taldeak ekainaren 29an egin zuen 2026ko batzar orokorra, helburu nagusien artean herri mailako mendizaletasuna sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartuta. Irailetik ekainera bitartean egindako ekintzen balorazioaren arabera, elkartearen jarduerak argi-ilun batzuk utzi ditu: "Alde batetik, azaroko Mendi Asteak sentipen gazi-gozoa utzi zuen, goi-mendietara egindako bidaien inguruko hitzaldiak jende asko erakarri bazuen ere, Antzuolako lurrak ezagutzeko mendi irteerara pertsona bakarra agertu zelako. Aldiz, gazteei eta umeei bideratutako Sobrongo irteerak –ferrata bidea eta abentura parkea– harrera ona izan zuen, gurasoekin batera egindako egun osoko ekintza aktiboa izanik", azaldu du Julian Ramirez de Okarizek.

Formula berrien bila

Arrolak mendizaletasuna sustatzeko lan egiten duenez gero, antolatzen duten ekitaldietara ahalik eta jende gehien erakartzen saiatzen dira. Hala ere, gero eta lan nekezagoa dela azpimarratu du Ramirez de Okarizek: "Iraganean Pirinioetara joateko irteerak egiten zirenean, jende dezentek ematen zuen izena, baina gaur egun norbere kabuz furgoneta edota gertuko lagunekin joatea da nagusitu den joera, eta, ondorioz, nabarmen jaitsi da partaidetza halako talde-irteeretan". 

Baikorragoa da gurasoen eta adin txikikoen gustuetara moldatzen diren irteerek jasotzen duten erantzunaz berba egiterakoan: "Ikusita Sobrongo eguna nola irten zen, antzeko bidaiak egitea izan daiteke jende gehiago erakartzeko moduetako bat, ekintza berriak planteatuta". 

Era berean, arduraz jarraitzen dute hurbileko inguruaz dagoen transmisio-falta: "Konturatzen gara Antzuolako txokoei buruz gutxi dakigula; are gutxiago belaunaldi berriek. Beraz, noizean behin udalerrian zehar familiei nahiz herritar orori zuzenduriko irteera desberdinak antolatzen saiatuko gara, alderdi naturalari eta kulturalari arreta ipiniz". 

Elkartearen beste zutabe garrantzitsu bat herriko mendi-bideak atontzea da. Aurten Elizbidea garbitu dute, Uzarragako elizaren eta San Martzialgo ermiten arteko sasitza moztuta. Epe labur-ertainera, Irimoko gaina eta Korosoko bidea garbi mantentzea dauzkate jomugan.

Batzorde aldaketa

Lan horiek guztiak dinamizatzeko, zuzendaritza-batzordea berritu dute zozketa bidez, urtero bezala: Txomin Arzallus, Ione Larrañaga, Julian Ramirez de Okariz eta Ainize Lizarralderen tokia Josu Ormazabalek, Endika Matak, Estitxu Otaegik eta Mikel Arregik hartu dute. Beste urte batez jarraituko dute batzordekide izaten Aritz Kortabarriak, Nagore Dosantosek eta Patxi Abasolok. Hilaren 22ko bileran zehaztuko dituzte uda ostean egitea aurreikusita dauden irteeren xehetasunak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak