Lasterketa kutuna dute Antzuolako Caja Rural-Alea taldekoek. Iaz, helmugara batera heldu ostean, talde horretako Antonio Gonzalez eta Iker Perezek eskuratu zuten garaipena. Aurten, argazkia ostera errepikatzea lortu dute; beste bi txirrindularirekin: Marc Rubirola eta Jan Hernandezekin, hain zuzen.
Caja Rural, nagusitasun handiz
Hego haize zakarrak eta giro sargoriak baldintzatu du lasterketa. Halakotan zail egoten da ihesaldiaren arrakasta, gurpilean joanda erosoago joaten baita. Gaurkoan baina, Caja Rural-Aleako Jan Hernandez frantziarra indartsu ibili da hasieratik, eta, garaipena lortu ez badu ere, bera izan da lasterketako protagonista nagusia. Oñatiko joan etorria egin ostean, Deskarga eta Udana kateatu dituzte birritan txirrindulariek. Lehenengo itzuli horretan sortu da ihesaldia, eta bertan sartu da Hernandez. Berarekin batera joan da BBK-Euskadiko Marco Martin, eta gerora gehitu zaizkie, Euleneko Asier Arteaga, Smartlog Nesteko Josu Odriozola eta Finisherreko Marti Gozalbo. Antzuolako bigarren pasaeran boskote hori igaro da aurretik.
Minutu eta erdi inguruko errenta izatera iritsi dira horiek, baina Deskarga eta Udanako bigarren pasaeretan gogotik ordaindu dute lehen itzuliko esfortzua, eta pelotoi nagusiak harrapatu ditu bostak. Guztiak batera heldu dira Asentsioko igoeraren magalera eta hortxe nabarmendu dira, hain zuzen, ihesaldian ibili den Hernandez, Rubirola taldekidea, eta Finisherreko Markel Gonzalez. Caja Rural Aleakoek estu hartu dute azken kilometroetan Gonzalez, eta Bergaratik Antzuolara doan sasi-ordekan gelditu da Finisherrekoa atzean, "karranpak" zituela eta.
Ondorioz, Rubirolak eta Hernandezek batera gurutzatu dute Antzuolako helmuga. "Niretzako biok izan gara txapeldunak. Azken urtea dut kategoria honetan eta betidanik saiatu naiz Euskal Herrian garaipen bat lortzen; taldekideak hori ulertu duela uste dut. Berak horrela jarraitzen badu, lasterketa asko irabaziko ditu", esan du Rubirolak garaipena eskuratu ostean. "Agian bai, indartsuena izan naiz. Aurrena ihesaldian sartu naiz, eta azken igoeran tiraka ibili naiz. Lasterketa bikaina izan da taldearentzat", esan du Hernandezek. Bigarren postuaz gain, mendiko saria berak eraman du, eta taldeka ere onenak izan dira Caja Rural-Aleakoak.
Markel Gonzalez, lider berria
Hirugarren sailkatu den Gonzalez da Lehendakari txapelketako lider berria, –Frantziako Tourra hirutan irabazi zuen Joane Somarribaren semea–. Caja Ruralekoek erritmo "gogorra" jarri dutela esan du, eta hamar kilometroren faltan "karranpak" izan dituela. Ondo bidean, Lehendakari txapelketako datozen hitzorduetan izango da Gonzalez, liderraren elastikoa defendatzen. Domekan, Leintz Gatzagan jokatuko da, txapelketa horretako hirugarren lasterketa.
Erostarbe, debagoiendar bakarra
Debagoiendarren artean, txirrindulari bakarra Smartlog Nest taldeko Aimar Erostarbe izan da; ondo ibili da, zazpigarren amaitu du oñatiarrak. "Lehenengoen atzetik helmugaratu den taldean sartzea lortu dut, eta nahiko txukun aritu naiz. Denboraldi erregularra izaten ari da, eta Lehendakari txapelketan nire gustuko lasterketak datoz orain", esan du Erostarbek.
Unax Errasti antzuolarrak eta Beñat Iñarra aramaioarrak ez dute lanik izan Antzuolan lehiatzen. Atzo amaitu zen Madrilgo itzulian aritu dira biak; antzuolarrak postu politak lortu ditu, baina azken erlojupekoan erorikoa izan ostean, gaur ez zegoen lehiatzeko moduan. Aramaioarrak berriz, Murgian hirugarren postua lortu ostean, lehen etapa bakarrik lehiatu du Madrilen.