XVIII. mende bukaeran hasi eta hurrengo ehun urtetan, bost narrugintza lantegi jarri zituzten martxan Antzuolan. Egun bakar bat ere ez dago, baina bai Zurrategi izeneko auzoa, langintza horri aitortza egiten diona. Hemendik aurrera, baita orduko tailer baten erreplika ere, erabiltzen zituzten tresnak eta egiten zituzten produktuak erakusten dituena.

Bustinzuri plazan jarri dute erreplika hori, zutik egon zen azken narrugintzako tailerra egon zen tokian. Tailer haren garaikoak dira, esaterako, ondoan dagoen amabirjinaren irudia eta palmondoa. Hura itxi zutenean gorde egin zuten hango hainbat material eta hori da Narruolak orain bistaratu duena.

Corten altzairuzko txaparekin eta kristalarekin osatutako bitrina batek babesten du Antzuolako narrugintza gogoratzeko erakustokia. Bergarako tailer batera eraman zuen Udalak, kanpoaldea txaparekin babesteko. Kristala, Antzuolan jarri diote. Udalak 3.000 euro pasatxoko aurrekontua bideratu du. Hain zuzen ere, kristala eta kanpoko txapa dira originalak ez diren material biak; gainerako dena tailerreko tresnak erabilita egin dute Narruola elkartekoek. Aurrean, informazioa duen panel bat ere jarri dute. QRa irakurrita narrugintzaren historia gehiago eskaintzen du hiru hizkuntzatan, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Gainera, lantegi horietan lana egindako emakume kuadrilla baten talde argazkia ere ikusten da.

Egubakoitzetik ikusgai dagoen erakustoki hau ez ezik, beste egitasmo batzuk ere egingo dituzte datozen hilabeteetan proiektu honi lotutakoak. Hain zuzen ere, Zurrategin dagoen kurtidorearen irudia “hiztun” bilakatuko dute ondoan informazioa jarriz. Horrez gain, langintza honi lotutako argazkiak jarriko dituzte Olaranen eta artxiboan dagoen dokumentazio guztia identifikatuko eta sailkatuko dute, historiaren zati hori ondo jasota egon dadin. Herritarrak ere animatu dituzte lan honetan eurekin batera parte hartzera.
