Estatu mailako talde filial eta amateurren erreferentziazko zirkuitua den Lehendakari Txapelketa hasiberriak domekan izango du bigarren hitzordua, Antzuolan. Maila oneko txirrindulari-sorta batuko da irteera puntuan (09:10), eta tartean izango dira herriko ordezkari Unax Errasti, sasoi bikainean iristen dena, Oñatiko Aimar Erostarbe eta Aramaioko Beñat Iñarra –lehen lasterketan, Murgian, podiumera igo zena–.
Izena emandakoen artean, gehienak 23 urtez azpikoak dira (116); horiei 30 urtez azpikoak, elite mailakoak (22) eta hiru junior gehitzen zaizkie, azken hauek beren prestakuntzari jarraipena emateko eta pelotoi amateurrarekin kontaktua hartzeko baliatzen dute proba. Ziklista euskaldunekin batera kanpotik etorritako ordezkaritza ere izango da probaren irteera lerroan: Frantzia, Polonia, Argentina, Italia, Grezia, Kuba, Kolonbia, Txile, Herbehereak eta Malaysiako txirrindulariak arituko dira.
Errasti, sasoi onean
Unax Errasti antzuolarrarendako lasterketa berezia izango da. Etxekoak eta koadrillakoak gertu izango ditu domekan. Sasoi ederrean dabil antzuolarra: joan den ekainaren 21ean, Ataungo San Martin Proban irabazi egin zuen esprintean, eta garaipen horrek Errasti udarako sasoi onean dagoela baieztatu zuen.
Ibilbidea: Deskarga eta Asentzio
Urteroko ibilbideak izaera zorrotza mantentzen du: Deskargako gaina birritan gainditu beharko dute txirrindulariek, eta Asentzioko gaina, helmugatik gertu, izaten da normalean azken aukeraketa egiten duena. Pelotoia Antzuolako kaleetatik igaroko da 09:45 aldera, Deskargako lehen igoerari ekiteko; berriz ekingo diote Antzuolatik Deskargarako bidea bigarren aldiz 10:40 aldera. Asentzioko Gaina 11:40 aldera gaindituko dute, eta helmuga, azkenik, Antzuolako plazan izango da, 12:15 aldera.