Inma Beristain: "80 bat lagun pasa dira Landatxoperen luzaketa saioetatik"

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 14a

Landatxope jubilatuen elkarteak urtero izaten du detaileren bat luzaketa saioak gidatzen dituen Inma Beristainekin (Azkoitia, 1954). Ez da gutxiagorako, goizero-goizero hutsik egin gabe aritzen baita modu boluntarioan ordubete inguruko jarduera dinamizatzen. Joan den asteko bazkarian opari berezia jaso zuen: lore-sorta eta masajea jasotzeko gonbidapena. 

Gustura jaso al zenuen taldekideen eskertza?

Nola ez, ba! Batez ere, masajea hartzeko oparia. Benetan eskertzekoa izan zen detaile hori; poz-pozik hartu nuen. 2016a ezkero zabiltza Antzuolan luzaketak dinamizatzen.

Nolatan?

Pili Ari bergararrarekin hasi zen dena. Boluntario ibiltzen zen Bergarako kiroldegian luzaketak egiten, eta ni harekin hasi nintzen. 2016an, Landatxopek Antzuolara gonbidatu zuen Pili, herritarrei luzaketak nola egin erakusteko, eta talde indartsua elkartzen hasi ginen frontoian. Geroago, Mari Carmen Larrañagari eta niri eskatu ziguten saioak gidatzeko, eta horrela hasi nintzen, gaur arte.

Ez zara fisioterapeuta edo aditua, baina taldea gidatzeaz arduratzen zara. Nola planteatzen dituzu saioak?

Egia da, ez naiz aditua, baina ahalegintzen naiz posturak zaintzen eta ikasten dudana taldekideekin partekatzen. Niri on egiten didana erakusten diet, bizimodu duina izaten laguntzen didalako. Ariketak denon artean erabakitzen joan gara: pisuak, zintak eta, batez ere, hipopresiboak. Niri hipopresiboak egitea asko komeni zitzaidan, bizkarra zaindu eta puxika indartzeko, eta, taldeari proposatu nionean halako ariketak egiteko, ondo iruditu zitzaien.

Nolakoa da saio baten errutina eta non elkartzen zarete?

09:15ean hasten gara, astelehenetik ostiralera. Ikasturteari irailean ekiten diogu, eskola hasten denean, eta herriko jaien asteko asteazkenean bukatzen dugu. Toki askotan ibili izan gara: gimnasioan, frontoian, udaletxeko aretoan... baina orain nahiko finko gaude Olaranen, Udalak utzitako lokal batean. Espazio hori yogarekin eta bestelako jarduera batzuekin partekatzen dugu, baina gu joaten garenean libre egon ohi da.

Nor joan daiteke saio horietara? Talde itxia al da?

Ez, erabat irekia da, nahi duena etor daiteke. Hamar urteotan guztira 80 bat lagun pasa direla esango nuke. Gehienak jubilatuak garen arren, gazteagoak ere etortzen dira; adibidez, erreleboan lan egiten dutenak eta goizak libre dituztenak. Gizonezko batzuk ere ibili izan dira, baina poliki-poliki uzten joan dira, ez dakit zergatik. Batzuetan bi etortzen dira, beste batzuetan hamar, baina konpromiso bat dago eta badakizu beti agertuko dela norbait.

Ariketa fisikotik harago, badago bestelako onurarik talde horretan?

Bai, dudarik gabe. Talde polita egin dugu eta konfiantza handia dugu elkarren artean. Niretzat oso garrantzitsua da egunerokoa haiekin partekatzea, asko asetzen nau. Saioa amaitutakoan, kafea hartzen dugu elkarrekin. Talde-terapia bat bezalakoa dela esaten dugu.

Zer gomendio emango zenioke probatu nahi duen bati?

Guk dakiguna erakusten dugu, baina garrantzitsuena jarraikorra izatea da. Ez du balio bi egunez etorri eta "ez nau konbentzitu" esateak. Hasieran gustura ez egon arren, nik hilabete batez probatzea gomendatzen dut, eboluzioa sentitzeko eta merezi duela konturatzeko

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak