Narruola taldeak emakume uhalgileak omentzeko zenbait ekimen inauguratuko ditu egubakoitzean, arratsaldeko zortzietan, Buztinzuri kalean. "Uhalgintzaren memoria historikoa gal ez dadin" abiatu zuten proiektua Narruola taldeko kide Iñigo Ramirez de Okarizek, Joxe Mari Iturbek, Basili Ormazabalek, Imanol Garmendiak eta Bittor Arbuluk, eta, behin lanak amaituta, hiru ekimenez osatutako proiektua aurkeztuko dute.
Hain zuzen, uhal tailer bat simulatzen duen erakusleiho bat, garai hartako emakume langileen jarduna omentzen duen omenaldi-panel bat eta larru lantegien eta zurrategien inguruko informazioa jasotzen duen QR bidezko informazio irisgarria.
Emakume uhalgileei keinu egiteko, taldeak bere eskuekin egindako pieza osagarri batzuk daude ikusgai erakustokian, eta altzariaren elementu guztiak eta egur egitura antzinako fabriketatik berreskuratutakoak dira.
Buztinzuri kalean ikusgai
Buztinzuri kalean, lehenago Telleria fabrika izan zenaren beheko pisuan eta Errekalde auzoan Udalak orain gutxi laga dien lokal batean egin dituzte lanok. Gaur egun, industria horren arrasto handirik ez da geratzen Antzuolan, eta geratzen zen apur horri balioa eman nahi izan zion elkarteak. 2005 eta 2006. urteen bitartean Telleria lantegiko uhalgintza tailerreko azpiegitura eta materialak berreskuratu zituzten, eta guztia garbitu, katalogatu eta gorde egin dute, uhalgintzak Antzuolan izan zuen garrantzia azpimarratzeko.