Egubakoitzeko 19:30ean hasi eta zapatuko 19:30ean amaitu. 24 orduz futbolean, ia etengabe. Halaxe aritu dira Antzuolan hainbat eta hainbat lagun.
Multzokako fasearekin ekin zioten: hiru multzotan aritu ziren mutilak, lau talde bakoitzean; eta multzo bakarrean, talde mistoak eta emakumezkoenak, sei guztira. Multzo bakoitzeko bi onenak kanporaketetarako sailkatuta, atzo eguerdiko hamabiak bueltan ekin zieten final-laurdenei. Finalerdiak etorri ziren gero, eta finala azkenik.
Astuen bila izan da aurtengo txapelketako garailea, eta ez hori bakarrik: taldeko Markel Zabalok eta Ekhi Larrañagak eraman dituzte, hurrenez hurren, Atezain Onenaren eta Jokalari Onenaren sariak.
Antolakuntza taldeko Mikel Jauregik txapelketan zehar izandako giroa nabarmendu du: "Oso giro ona izan dugu, orokorrean, eta, batez ere, hasieran, finalerdietan eta finalean". Eta behin txapelketa erabakita, gainera, luntxa eta kontzertuak izan zituzten, ordura arteko giroari jarraipena emateko.