Begiraleek mimoz prestatu dituzte Antzuolako udalekuak

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 2a

Asteazkenetik dabiltza Antzuolako 115 ume herriko udalekuetan parte hartzen. Zikloka taldekatuta ibiliko dira normalean, baina denek batera garatzeko ekintzak ere izango dituzte tarteka.

Uztaileko lehen hamabostaldiko goizetan beste bizitasun bat izaten du kaleak, 4 eta 12 urte arteko herriko neska-mutil mordoa aritzen direlako gora eta behera, energiaz beteta, begiraleek prestatu dizkieten ekintzak ilusio handienarekin zukutzen. Dagoeneko igartzen da udalekuak hasi direla.

"Lasai eta gogotsu"

Hamabi begiralek eta hiru praktikalarik jardungo dute 115 adin txikikoren jagole gisa. Batzuentzat lehenengo aldia izango da, beste batzuk, ordea, ondo zailduta daude. Talde horretan sartu daiteke Nahia Goikoetxea: begirale izatetik koordinatzaile izatera pasa zen iaz, eta bigarren urtez beteko du rol hori aurten. Aitortu duenez, iazko esperientzia "pixka bat kaotikoa" izan zen hasieran, "dena berria zelako eta gauza asko kontuan hartu behar zirelako". Hala eta guztiz ere, "orokorrean, ondo" joan ziren udalekuak. 

Orain beste gorputzaldi batekin dagoela adierazi du, badakielako zenbat gauza planifikatu eta aurreikusi behar diren: "Aldez aurretik dena ondo antolatzeaz arduratu gara, egitarau guztia prestatzeko bilera ugari egin ditugu, beraz, lasai eta gogotsu aurkitzen naiz, bai ni eta baita begiraleak ere".

Jakinekoak eta sorpresak

Hala, bi asteotan denetarik egiteko aitzakiarik ez zaie faltako haurrei. Zikloka taldekatuta ibiliko dira normalean, baina denek batera garatzeko ekintzak ere izango dituzte tarteka. Adibidez, sanferminak eta Baserri Eguna. Ekitaldi horri buruz, Goikoetxeak azpimarratu du Antzuolako ohitura zahar, baserri eta auzoetan jarriko dutela arreta, joko desberdinekin girotutako istorioak uztartuta, "gaur egungo neska-mutilek herriaz eta bertako kulturaz kontzientzia hartu, ikasi eta ahaztu ez dezaten". 

Gainera, lo egitera joango dira "toki sekretu batera". Egunez egun sorpresa gehiago deskubritzen joango dira udalekuetako protagonistak, baina dagoeneko badakitena da azken ekintza Antzuolako jaien baitako ikuskizuna izango dela: "Goizean lipdub bat egingo dugu umeekin herrian zehar, eta, ondoren, dantzak egingo ditugu urtero bezala", dio koordinatzaileak.

Oinarria, euskaratik

Aurten, berezitasun bezala, formakuntza saioa egin dute UEMArekin, euskarari beste ikuspuntu batekin heltzeko: "Kontzientzia gehiagorekin ibiltzea da asmoa, ikusita Antzuolan ere gero eta euskara gutxiago egiten dela. Hortaz, hainbat dinamika eta jolas bideratuko ditugu euskaraz hitz egiteari leku handiagoa emateko, gaur egungo umeak euskararen garrantziaz jabetzeko eta modu baten edo bestean udaleku euskaldun eta eredugarriak izateko".

Helburu gehiago ere izango dituzte jomugan, esaterako, "udalekuak seguruak izatea, eta den-denok, bai umeek eta bai begiraleek, ongi pasatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak