Kalebarrengo jaien testigua hartu dute Lizarragakoek, Antzuolako jai nagusiak asteko bi asteren faltan. San Martzial egunaren asteburua da baserri auzo honetan bertako bizilagunak elkartzeko urteroko aitzakia. "Era berean, beste herri batzuetara joan direnak ikusteko egunak ere izango dira biharkoa eta etzikoa", jai batzordeko kide Iongu Biterik ziurtatu duenez.
Auzoko ermitaren inguruan izango dute elkarren berri aspaldiko ezagun eta lagunek. Bertan garatuko dute zapatu eta domekarako prestatutako egitarau osoa, lehenengo ekintza izanik salbuespen txikia: "Etxafuegoa jaurtitzearekin bat, plater tiraketa lehiaketarekin inauguratuko ditugu jaiak bihar goizean, ermitatik 300 metrora dagoen zelaian. Eperra elkartekoek antolatuta, 11:00etako entrenamendu saiora etortzearekin nahikoa izango da ekitaldian parte hartzeko. Probaldi horren ostean, norgehiagokak 16:30etik aurrera hasiko dituzte", adierazi du Biterik.
Zapatuan, hiru txandatan
Eguerdian meza egin eta irteeran luntxa dastatu ahal izango dute jubilatuek; salda, berriz, gainontzeko herritarrek. Trikitilari gazteek joko dituzte une horretan festa giroko lehenengo musika-doinuak.
17:00etan, ume korrikalariek lasterka egingo dute Lizarragako maldetan zehar, bosgarren krosa izango baitute jokoan. Irabazleek saria jasoko dute lasterketa bukatzearekin batera.
Mahaiaren bueltan eseriko dira gaueko afari herrikoian, baina ziur ez dutela sabela gehiegi beteko, Elustondo anai-arreben erromerian dantza egiteko arin egotea komeniko zaielako. Zapatuko gauak, beraz, luze joko du. Ikuskizuna ziurtatuta egongo da suzko erruberekin, eta ahoa freskatzeko aukera, izozkiekin.
Irimokoekin errebantxa
Biharamunari txistularien hotsekin hasiko dira forma ematen, 11:00etan. Handik ordu erdira Aiastui Lagunartearen challenge-ko azken proba jokatuko dute bi erruberen gainean neska-mutilek. Aldapan gora neurtuko dituzte indarrak oraingoan, eta lasterketa bukatzearekin bat, aurtengo sariak banatuko dituzte partaideen artean.
Aurreko gaueko formula errepikatuko dute eguerdian. Auzo bazkaria egin, eta trikiti eta panderoarekin alaituko dute bazkalostekoa, kasu honetan, Astiazaran eta Andonegik.
Jarraian, klasiko bihurtzera bidean doan auzoarteko desafioan murgilduko dira. Lizarragarrek irimoarrak jasoko dituzte: "Iazko jokoen ostean, errebantxa eske etorri zaizkigu, eta onartu egin diegu. Domeka arratsalde polita pasatzeko aitzakia izango da", azaldu du Biterik. 20:00etan urdaiazpiko zozketatu eta Tortilla la madre jango dute, "bazkariko sobrekin egindako arrautzopila, sukaldariak hala batailatuta".
Berrikuntzak, datorren urterako
"Egitarau kontinuista" gisa definitu du Biterik aurtengoa, baina aurreratu du 2027rako bestelako kontuak sartu gura dituztela, batzordekide berriak etorri direla aintzat hartuta.