Ostiraleko 19:30ean joko du lehen aldiz txistuak, eta zapatuko 19:30ean azkenekoz. Izena eman duten taldeak hamar minutuko bi zatitako partiduak jokatzen hasiko dira, lau ligaxkatan banatuta: emakumezko sei taldeek osatuko dute bat, eta gizonezkoen hamabi taldeek beste hirurak. Bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira kanporaketetara. Final laurdenak zapatuan, 13:00etatik aurrera izango dira, eta final handia, 19:00etan.
Txapelketa iaz berreskuratu zuten herriko gazteek, eta arrakastatsua izatea espero dute aurten ere. Gaztetxea irekita egongo da ostiral eta zapatu gauean; egun horretan zuzenekoak joko dituzte X-AT eta Harrikada taldeek eta Ertz dj-ak, sari banaketa eta gero.