Ibarrondoko presan bainatzea debekatuta dagoela ohartarazi du Udalak

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 26a

Azkenaldian Ibarrondoko putzuaren inguruan tentsio egoera batzuk bizi izan dira bertara bainatzera joaten diren pertsonen eta bizilagunen artean. Udalak bainua debekatzen duen seinalea errespetatzeko eskatu du, zentzuz jokatzeko deia eginez. 

Ibarrondo kaletik erreka igarotzen den tartean presa bat dago, putzua egiten duena, eta jendeak bainutoki gisa erabiltzeko ohitura dauka, nahiz eta kartel batek debekatuta dagoela dioen. Azkenaldian, gainera, arazoak sortu dira eremu horretan: "Errekako lokatza hartu eta etxeetara botatzen aritu dira bainulari batzuk", adierazi du Udalak komunikazio-kanalen bitartez.

Gurasoei seme-alabekin gaia lantzeko eskaera ere egin die Udalak. Era berean, adierazi du ez duela jarrera desegokien ardura bere gain hartuko, eta gogoratu du Sagasti auzoan freskatzeko egokituta dagoen eta bainurako segurua den ur parkea dagoela eskura.

Ibarrondoko presa kezka-iturri da udal arduradunentzat, kontuan hartuta, baita ere, salto egiten dutenek min hartzeko arriskua dutela. Atzoko osoko-bilkuran, URA agentziari egoeraren berri emateko asmoa agertu zuten, presaren inguruko ingurumen-jarraipena egiteko ardura duelako erakunde horrek.

Ibarrondoko presa 1885etik dago zutik; Lamariano y Cia enpresak altxa zuen jarduera industrialerako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak