Erreka Kooperatibak 65 urte bete ditu, 100 milioi euroko fakturazioa eta 80 lanpostutik gora sortzea jomugan

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 27a

"Pertsonengan, dibertsifikazioan eta nazioartekotzean oinarritutako industria-talde sendoa" osatu dutela adierazi dute Arkaitz Etxezarreta zuzendari orokorrak eta Joana Ibarretxe lehendakariak. Urteurrena 2025-2028 plan estrategikoan finkatutako helburuak gogoratzeko baliatu dute.

ERREKAk 65 urte bete ditu aurten, industria arloan "erreferente sendo" bihurtu den proiektu kooperatibo gisa. Arkaitz Etxezarreta zuzendari orokorraren esanetan, arrakastaren gakoa "konstantzia, pazientzia eta ikuspegi estrategikoa" uztartzea izan da, "batez ere negozioen dibertsifikazioaren aldeko apustuari esker, ziklo ekonomiko desberdinetara egokitu ahal izan garelako".

Joana Ibarretxe lehendakariak azpimarratu duenez, kooperatiba-eredua "funtsezkoa" izan da bide honetan, pertsonen inplikazioa eta irabazien banaketa justuagoa sustatuz. Ibarretxerentzat, "pertsonak ez dira baliabide bat, proiektuaren erdigunea baizik", eta horrek pertenentzia-sentimendua eta erantzukizun partekatua indartzen ditu. Gehitu duenez, Mondragon taldeko kide izateak "babes-sare sendoa" eskaintzen dio kooperatibari.

2025-2028 Plan Estrategikoa

Gaur egun, ERREKA lau negozio nagusitan egituratuta dago: automobilgintza, energia, sarbideak eta Medical negozioa. Datozen urteetarako, fakturazioa 75 milioi izatetik 100 milioi baino gehiago izatea lortu gura dute; negozio unitate bakoitzak 25 milioi euro baino gehiago sortzea, eta Medical arloak 5 milioi euroko langa gainditzea; lau urtean 11 milioi euro baino gehiago inbertitzea, berrikuntza-proiektuetan eta balio teknologiko handiko garapenetan; eta 80 lanpostu baino gehiago sortzea. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak