Literaturatik abiatu, bizitzaz eta munduaz lasai asko berba egiteko

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 29a

Antzuolako Irakurle Taldeak laugarren ikasturtea burutu du, giro atseginean. Afari-merienda eginaz borobildu zituzten, ekainaren 18an, ikasturte honetako hileroko tertuliak. Eta hitz eman dute modu berean hasiko dituztela hurrengo ikasturteko hitzorduak. Hori bada sortu den giroaren erakusle.

Alaine Agirre idazleak dinamizatzen ditu saioak taldea 2021ean sortu zenetik, eta, aipatu duenez, "urte zoragarriak" izan dira. "Ez da protokoloz esaten den esamolde hutsal bat; benetan gozagarria izaten dabil taldearen parte izan eta akonpainatzea. Tertulietan elkarrekin ikasi eta eraldatzeaz gain, liburuak irakurri bitartean ere ondo pasatzen dute irakurleek", zehaztu du.

Adin askotariko hamabost lagun inguru elkartu ohi dira, bi lerroren artean mugitzen direnak, Agirreren esanetan: "Badaude batzuk liburuko argumentuen bitartez engantxatzen direnak; beste batzuek, berriz, formari, estiloari eta sakontasun literarioari erreparatzen diote".

Emakumezko idazleak, asko

Liburuen aukeraketari dagokionez, "prozesu horizontala" izatea da helburu nagusia. Dinamizatzaileak proposatzen ditu irakurgai gehienak, baina irakurleek ere egiten dituzte gomendioak. Hala, saiatzen dira genero aldetik askotariko sorta osatzen: "Hau da, ez daitezela guztiak eleberriak eta nobedadeak izan; aurten, poesiarekin ausartu gara, eta lantzeko geratu zaizkigu antzerkia eta komikia. Galdetzen diet zerbait konpartitzeko gogoa duten, eta halaxe deskubritu ditugu hainbat liburu. Adibidez, aurten, Karmele Mitxelenaren Zoriona edo antzeko zerbait proposatu zuen kide batek, eta oso harrera ona izan du".

Agirrek azpimarratu du hizpide dituzten idazle gehienak "emakumezkoak edo disidenteak" direla, izan euskaraz idazten dutenak edo euskarara itzuliak. Irakurri duten liburua aztertzeko elkartzen direnean, idazlearen inguruko aurkezpen bat eginez hasten du saioa Agirrek: "Irakurgaia idazle horren obran kokatzen saiatzen naiz, eta, ahal bada, testuinguru sozial, politiko eta historikoan. Gero, kasuan kasu, bide bat edo beste hartzen dugu, liburuak eskatzen duenaren arabera".

"Efektu magikoa"

Solasaldi biziak izaten direla baieztatu du Agirrek, solaskideak xaxatzeko behar handirik izaten ez duela argudiatuta. "Iruzkinak partekatzen hasten dira, eta esandako ideia horietatik abiatzen naiz ideia teorikoak ehuntzeko, edo ideien arteko loturak egiteko. Denen artean joaten gara diskurtsoa eraikitzen. Egia esan, ez da erraza azalpen teknikoen eta elkarrizketa piztearen arteko oreka topatzea, eta onena partaideei galdetzea izaten da, esan eta esan ari ote naizen jakiteko", aitortu du.

Saioak zenbat eta parte hartzaileagoak izan, orduan eta aberatsago bilakatzen dira: "Irakurle taldeetan gertatzen den magietako bat izaten da liburuen aitzakian bizitzaz eta munduaz berbetan amaitzen dugula. Normalean, izan pintxo-potean edota lankideekin hartzen dugun kafean, irteten ez diren elkarrizketa batzuk errazago zabaltzen dira, beste sakontasun batean murgiltzen gara", azaldu du Agirrek.

Datorren ikasturterako plana

Udako etenaren ostean elkartuko da berriz Antzuolako irakurle taldea, eta, ziur asko, batek baino gehiagok aprobetxatuko ditu oporrak etxerako lanak aurreratzeko. Badaukate-eta 2026-2027ko ikasturterako plangintza zehaztuta. Delphine de Viganen Esker onak eleberria aletuko dute urriaren 21ean; ondoren etorriko dira, besteak beste, Katixa Agirreren Barne zerbitzuak, Eider Rodriguezen Dena zulo berbera zen eta Alaine Agirreren Mila hilekoren erreka –udazkenean kaleratuko du–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak