Aitaren etapa-garaipen handi batetik, Gerra Hotzeko espioitza-nobela bat idaztera

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 19a

Juanjo Moral zumarragarrak bere aitak 1975eko Europa ekialdeko Bakearen Lasterketan lortutako etapa-garaipenari tiraka idatzi du Vencer en tierra de espías eleberria. Uztailaren 2an aurkeztuko du, Itzar liburu-dendan, 18:30ean.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausoan mugitzen da Juanjo Moralen lehen eleberria: Vencer en tierra de espías. 2024ko abuztuaren 24an argitaratu zuen; hain justu, haren aitak 76 urte bete zituen egunean. Kointzidentzia "kasualitatez" gertatu zela dio Moralek. Antzeko terminoetan deskribatu du, era berean, liburua idazteko ideia ere. "Betidanik gustatu izan zaizkit Gerra Hotza eta Europa ekialdeko herrialdeak. Duela urte batzuk, aitaren historian ikertzeko gogoa sortu zitzaidan, eta material piloa topatu nuen Txekiar Errepublikan, Alemanian, Eslovakian eta Polonian –argazkiak, bideoak, dokumentuak, aldizkariak–. Horiek oinarri hartuta, pixkanaka, Gerra Hotzeko literaturan oinarritutako espioitza-trama bat eraikitzen hasi nintzen", azaldu du.

Zirkulua ixtea, modu dotorean

Izan ere, Juanjo Moralen aita, Juan Jose Moral, txirrindulari lehiakorra izan zen 70eko hamarkadan. 1975ean Burdinazko Errezelaren beste aldean jokatzen zen Bakearen Lasterketan hartu zuen parte, Espainiako selekzioarekin, eta bigarren etapan besoak altxa zituen, Gera hiriko helmugan, Alemanian.

Bada, garaipen hari tiraka iritsi da haren semea eleberria idaztera. Izan ere, ez zen edonolako proba Bakearen Lasterketa: "Hemen kosta egiten zaigu sinistea, baina Europa ekialdean Frantziako Tourraren baliokidea zen garai hartan". Aipagarria da amateur mailako lasterketa zela, "herrialde komunistetako kirolariak ez zirelako profesionalizatzen, kapitalismoarekin lotzen zutelako".

Eleberria idatzita zeukanean, bidaia egin zuten balentria gertatu zen tokira aita-semeek. Txirrindulari ohiak zer zetorren jakin gabe, Gerako estadiora joan ziren bizikletan, eta han zain zeuzkaten hiriko hainbat agintari. "Bakearen Lasterketaren 75. urtemugako ospakizun betean jaso zuen aitak aitortza. Sekulakoa izan zen, jendea etapa-garaipenaren hurrengo eguneko egunkariarekin joan baitzitzaion autografo eske", gogoratu du Moralek.

Gera hiriko estadioan, besoak altxa zituen tokian, jaso zuen aitak omenaldia, 2023an

Oihartzun handia

Agerikoa da liburua oso harrera ona izaten ari dela, jada laugarren ediziora iristear baitago. Benetako kirol-gertaeren eta asmatutako espioitza-tramen arteko nahasketa horretan, jendeak errealitatea eta fikzioa bereizten ez dituela konturatu da idazlea: "Hein batean, testuinguru berezi hartako gertaera asko ez sinistekoak zirelako". Aurkezpen ugari egin ditu Euskal Herrian eta Espainian, eta hedabideetan ere oihartzun zabala izan du; Teledeporteren Conexión vintage eta ETB1en Helmuga saioetan agertu da: "Elur-maluta txiki batetik sortu den elur-bola honetaz gozatzen jarraitu gura dugu".

LANKIDEEN LAGUNTZAREKIN

Juanjo Moral eta Aritz Elorza.

Ormaiztegiko Irizar enpresako ingeniaria da Juajo Moral, baita Aritz Elorza antzuolarra ere. Hain justu, Elorzaren ideia izan zen Itzar liburu-dendan aurkeztea eleberria: "Lankideak norbere herrian gabiltza aurkezpenak antolatzen; Bergaran egin genuen aurretik, baina banuen gogoa Antzuolan ere egiteko. Itzarreko Eneida Iturbek begi onez ikusi zuen asmoa; beraz, aurrera egin dugu", azaldu du Elorzak. Vencer en tierra de espías zer iruditu zaion galdetuta, erantzun du "kontaketa oso entretenigarria" dela, "bukaera kurioso eta apurtzailearekin". Gehitu duenez, "gustuko gaiak" ditu bai txirrindularitza eta bai Gerra Hotza.

Era berean, Moralek esker ona adierazi du eleberria Antzuolan aurkeztu ahal izango duelako, uztailaren 2an, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak