Elkar Zaintzeko Egunarekin "gozatu ederra" hartu dute antzuolarrek

Mireia Bikuña 2026ko ekainaren 13a

Antzuolako Herri Eskolako ikasleek Elkar Zaintzeko Guneak izendatu dituzte herriko hemeretzi elkargunetan. Bada, hori ospatzeko askotariko ekintzak egin dituzte: ginkanak, tailerrak, dantzak...

"Gure leloa da Elkar zaintzeko unea da. Guretzat horrek esan nahi du denok elkar errespetatzea, laguntzea eta inor bakarrik ez uztea. Keinu txikiekin ere zaindu dezagun elkar, irribarre batekin edo laguntza eskainiz. Denon artean, gure herria leku seguruago, atseginagoa eta zoriontsuagoa egin dezakegu. Zaindu gaitezen". Udaletxeko bozgorailuetatik ozen botatako mezu horrekin hasi zuten ospakizun eguna Antzuolako Herri Eskolako ikasleek.

Adinka banatuta, askotariko ekintzak egin zituzten Herriko Plazan: aurpegiak margotu, paperezko betaurrekoak egin, paparrean ipintzeko txapak egin, ipuinak entzun, ginkana.... Ikasleen eta gurasoen laguntzarekin "elkar zaintzea" zein garrantzitsua den aldarrikatu zuten. "Benetako bizipenetatik sortutako ekimena da, eta helburu nagusia da prebentzioa", esan zion GOIENAri Herri Eskolako zuzendari Silvia Ezpeletak.

Hemeretzi plaka

Otsailean eman zuten aditzera lagunen arteko topaguneak seguruago egiteko asmotan zebiltzala. Bada, gorpuztu dute ideia: guraso, pertsona nagusi eta herritar ororen arreta erakartzeko, plaka edo panel batzuk jarri dituzte, Udalarekin elkarlanean, hemeretzi gunetan: Torresoroa kanpoko parkean, eskola azpiko jolasgunean, eskolako patioan, pumptruck-gunean, frontoian, Zurrategi plazan, liburutegian, Eroski parean, Olaran Etxean...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak