Iniziatiba hartu dute Antzuolako LHko ikasleek, "kalean, normalean, gu baino nagusiagoekin" gertatzen zaizkien hainbat kontu desatseginekin bukatu guran. Problematika hori herrigunera zabaltzeko bidea aurkitu dute, eskola mailako lanketaren bitartez. Zehazki, ikasgela bakoitzeko bi ordezkariz osatutako Elkarbizitza Batzordeak gidatu du egitasmoa, Bullying-aren Aurkako Taldeko irakasleekin batera.
Otsailean eman zuten aditzera lagunen arteko topaguneak seguruago egiteko asmotan zebiltzala. Bada, gorpuztu dute ideia: guraso, pertsona nagusi eta herritar ororen arreta erakartzeko, plaka edo panel batzuk jarri dituzte, Udalarekin elkarlanean, hemeretzi gunetan.
Hiru marrazki, batera
Plaketan hiru ikaslek egindako marrazkiak daude, bozketa bidez aukeratuak izan direnak: "Ikasle txiki, ertain eta nagusi banak egindako marrazki saritu horiei batasuna eman nahi genien, eta adimen artifiziala erabili dugu horretarako. Hiru marrazkiekin diseinu batzuk egiteko eskatu genizkion, eta gustukoena iruditu zitzaiguna aukeratu zuten, azkenean", azaldu du Herri Eskolako zuzendari Silvia Ezpeletak.
Egunerokotasunean jolasean ibiltzen diren tokietan ikusiko dituzte antzuolarrek diseinu hori daramaten plakak zutabeetatik zintzilik: "Torresoroa kanpoko parkean, eskola azpiko jolasgunean, eskolako patioan, pumptruck-gunean, frontoian, Zurrategi plazan, liburutegian, Eroski parean, Olaran Etxean... Hor pasatzen zaizkigu gauzak, eta erabaki dugu nahikoa dela. Elkar Zaintzeko Guneak izango dira aurrerantzean", adierazi dute neska-mutilek.
"Betiko jarrerei", galga
Zelako gauzak pasatzen zaizkien galdetuta, azkar asko erantzun dute "burlak eta bazterketak" izaten direla ohikoenak, eta nortzuengandik jasotzen duten ere ausartu dira esatera: "DBH-koengandik. Guk esaten diegu gaizki daudela haien guganako jarrera batzuk, eta haiek erantzuten digute ezetz, ondo daudela, betidanik izan delako horrela".
Haurrek 'betiko' jarrerekin apurtzeko nahia erakutsi dute: "Guk ez dugu halakorik egingo"
Uste dute norbaitek apurtu behar dituela jarrera desegoki horiek. Hartara, DBHra iristen direnean beraiek baino gazteagoak direnak ondo tratatzera konprometitu dira.
Kamera aurrean ere bai
Identifikatu bakarrik ez, kamera aurreko esketxen bitartez erakutsi dute zer den saihestu beharrekoa. Aste honetan aritu dira hiru pilulaz osatutako bideo bat gurasoen artean zabaltzen: "Lehenengo esketxean, gutako batzuk patioan gabiltza jolasean, eta nagusiagoek tropelean etorri eta tokia kentzen digute. Bigarrenean, haur baten fisikoarekin sartzen dira, betaurrekoak daramatzalako burla eginez. Eta, hirugarrenean, plan sekretua jorratzen dugu; elkarrekin geratzeko plana egiten dugu, baina bati ez diogu esaten, hau da, ezkutatu egiten diogu gure plana", esan dute aktoreek.
Pilota, gurasoen teilatuan
Horrelako egoeren aurrean, guraso eta herritar orori adi egoteko eskatu diete, "helduek eragin dezaketelako halako jarrerekin amaitzea, jazarleei zuzenean hitz eginda".
Aurten ez dute ia protokolo bat ere zabaldu behar izan: "Zerbaitetan asmatu dugulakoan gaude"
Pausoka elkartean dauden gurasoek jaso berri dute erronka, eta kontziente dira "hemendik aurrera gure lana izango dela zer egin dezakegun hausnartzea, arazoak eskolara bideratu barik", Eneida Iturbek aipatu bezala. Era berean, uste du "plakak jartzearena lehen pausoa" izan dela.
Puntuan jo dute
Herri Eskolan, baina, modu positiboan baloratu dute azken hilabeteotan bizi izan duten joera. Izan ere, kezkatuta zeuden "hain herri eta eskola txikia izanik" zabaltzen zituzten protokolo kopuruarekin: "Normalean kanpotik zetozen arazoak, eskola barrutik baino. Umeei galdetu genien ea zer gertatzen zitzaien kalean, eta gaia sakonago lantzeko bideak esploratu genituen. Ze, askotan, arinegi erabiltzen zuten bullying hitza; gertatzen zitzaizkien gauza gehienak arazotxoak ziren, arreta jarrita konpondu daitezkeenak", azaldu du Nahikari Barrio irakasleak.
Iratxe Vazquez lankideak beste ekarpen bat egin du: "Poztekoa izan zen konturatzea arazoak ez zirela haur batengan zentratzen, baizik eta jarrera orokorrak zirela, bideoetan aipatzen diren egoerak bezalakoak".
Prebentzio lanak egiteko beharrezko neurriak hartuta, "adibidez, tutoretzak sistematizatuta", emaitzak agerikoak dira dagoeneko: "Aurten ez dugu ia protokolo bat ere ez zabaldu behar izan, esku-hartze puntualekin erantzun baitiegu gatazkei. Gure hausnarketa da zerbaitetan asmatu dugula", ondorioztatu du Silvia Ezpeletak.
Jarraituko dute lanean
Eskolakoa kontrolatuta izanda, beste esfera batzuetan eragiteko asmoa erakutsi dute irakasleek: "Kultur eta kirol elkarteetan. Haurren artean elkargune horietan gertatzen dira baita ere istiluak, eta joango gara poliki-poliki elkarte horiekin sinergiak bilatzen".
Ikasturte honetan egin duten lanketa borobiltzeko, Elkarbizitza Eguna ospatuko dute gaur, 14:30etik 16:30era. Kaleko hainbat puntutan, jolas eta ginkanetan hartuko dute parte Herri Eskolako ikasleek.