Antzuolako Udalak Basalde auzoan dagoen Altzeta baserrirako sarbidea bermatzeko beharrezko obrak egingo ditu, azken hilabeteetan hara iristeko bidean izandako lur-mugimenduek eta hondoratzeek erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jartzen dutela ikusita.
Izan ere, drainatze arazoek eta uraren bideratze desegokiak lerradura eragin dute, eta horrek pitzadurak eta zoruaren beherakadak sortu ditu bidean, modu progresiboan. Pista erabilgarri egoteko jarduketa batzuk egin ditu azken hilabeteotan Antzuolako Udalak, baserrirako sarbidea bermatzeko. Behin betiko obra exekutuko dute orain, "bidearen funtzionaltasuna eta egonkortasuna berreskuratzeko, baita gainazaleko urak modu egokian bideratzeko ere, etorkizunean antzeko arazoak saihestu daitezen", aipatu du Hirigintza zinegotzi Aritz Igeltzek.
Azpimarratu duenez, egoera "bereziki larria" da, kaltetuta dagoen bide hori delako Altzeta baserrira iristea ahalbidetzen duen bakarra: "Bertan, familia baten etxebizitza ez ezik, behi-aziendaren nekazaritza eta abeltzaintza ustiapena ere badaude", azaldu du.
Kreditua eskatu dute
Orain arte bidearen segurtasuna bermatzeko egindako jarduketek 46.007,08 euroko kostua izan dute Udalarentzat: "Kopuru horretan sartzen dira azterketa geoteknikoa, exekuzio-proiektua eta egin izan diren egokitzapen lanak", zehaztu du Igeltzek. Behin betiko lanak aurrera eramateko, 175.000 euroko kreditu-aurrerapena eskatzea onartu zuten udalbatzako kide guztiek aho batez, maiatzaren 28an egindako Osoko Bilkuran.
Hala, duela bi aste amaitu zituzten plegu administratibo eta teknikoak, eta joan den astean atera zuten obra lehiaketa publikora, ahalik eta azkarren esleitzeko helburuarekin.
Gastu horien ordainketa Gipuzkoako Foru Aldundiari erreklamatzeko asmoa du Antzuolako Udalak. Izan ere, udal agintariek adierazi dutenez, gaur egungo arazoen jatorria 2014an Aldundiaren Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduak autobidea eraikitzeko desjabetutako lurretan egin zituzten lur-betetze lanetan eta ur-bideratzeetan egon daiteke.
Obrek iraun bitartean, herritarrek lehendik erabiltzen zuten pista hori baliatu ahal izango dute eguneroko joan-etorriak ibilgailu arruntekin egiteko. Ibilgailu astunagoekin, ordea, datak koordinatu beharko dira: "Abeltzaintza eta nekazaritza jardueretarako beharrezko hornidurak eta elikagaiak eramateko datak koordinatu beharko dira, lanen garapena eta ustiategiaren beharrak kontuan hartuta", adierazi du Udaleko Hirigintza zinegotziak.