Gogo onez hartu dute kirol egokituari ikusgarritasuna emateko hitzordua

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 5a

Antzuolako Zurrategi plazan egin du Bizi Hadi kirol inklusibo taldeak kalera begirako bigarren eguna, iaz Oñatin hasitako bidetik. Gura izan duenak gurpildun aulkietan eta eskuzko bizikletetan (hand-bike) muntatzeko aukera izan du. Bestelako ekintza ludikoak ere egin dituzte, Gar maskotaren parte-hartzearekin.

Urte eta erdi darama egoitza Oñatin duen Bizi Hadi taldeak kirol egokitua normalizatzeko bidean. Osasunari begira hobetzea eta murrizpen funtzionala duten pertsonek aukera bat edukitzea dira talde inklusiboaren helburu nagusiak. Horretarako, triatloiaren hiru modalitateetan jarduteko baliabide material eta humanoak jartzen dituzte: igeriketan, txirrindularitzan eta atletismoan.

Gaur arratsaldean, txirrindularitza eta atletismoa lehen eskutik probatzeko aukera izan dute antzuolarrek, Bizi Hadi egunaren baitan, eta Antzuolako Kirol Astearekin bat eginez. Plazari itzuliak ematen aritu dira adin guztietako herritarrak. Ekintza gehiagotan ere parte hartu ahal izan dute: kiosko gainean egokitutako aurpegi-margoketa txokoan edo txapak egiteko tailerrean, esaterako. Ekitaldiaren bukaeran, tokiko elikagaiez osatutako saskiak zozketatu dituzte, Gar maskotaren presentzia lagun. 

Aulkiak eta bizikletak nola maneiatu azaltzen aritu dira talde inklusiboko kideak, tartean, Joseba Azkarate. Pozik adierazi du Debagoienak "normaltasuneranzko bidea" hartu duela, konparazio bat eginda: "Gogoan dut  hiru itzuliko lasterketa batean  lehenengoan arraro begiratzen nindutela, bigarrenean txaloka hasi zirela, eta hirugarrenean denek bultzaka laguntzen zidatela. Bada, nik uste bigarren itzuli horretan gaudela; bailarakoak gara, ezagunak, eta jendeak dagoeneko badaki zer egiten dugun".

Badatoz lasterketak

Integrazio-prozesu horretan, haien egiteko garrantzitsuenetako bat hitzaldiak ematea da, ikastetxeetan, ospitaletan zein lantegietan. Eta laguntza-eske datorrenari eskua luzatzea, edozein zalantza edota galdera erantzuteko prest egonda. Eta, kirol taldea izanik, badute lehiatzeko grina ere. Uda garaian etorriko zaizkie hainbat hitzordu segidan, Kantabria eta Euskal Herri mailakoak. Azkaratek, esaterako, Punta Parayasko triatloian eta Torreauzoko krosean parte hartzea du begiz jota. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak