Horretarako, 17:00etan hasita, hainbat ekintza egingo ditu Bizi Hadik; esaterako, atletismoko aulki zein handbikeak probatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, txikienenek margoak eta txapak egin ahalko dituzte. Bestalde, jaiak irauten duen bitartean ikusi ahalko den aurkezpen bat ere prestatu dute, eta zozketak egongo dira: hamabi taza zozkatuko dituzte haurren artean, eta nagusiek txakolina eta gazta eskuratzeko beste hamabi aukera izango dituzte.
Proiektuaren erakusleihoa
Iaz, Oñatin ospatu zuten lehenengo Bizi Hadi Eguna, eta, taldeko kide Aitor Rementeriaren arabera, Debagoieneko herrien artean "txandakatzen" joatea da asmoa. "Egun honekin hainbat gauza lortu gura ditugu: proiektua erakustea, laguntzen digun jendeak ikustea euren ekarpenekin zer egiten dugun eta, murrizpen funtzionala eta psikikoa duten pertsonek kirola egin gura badute, kirol egokitua egiteko duten aukera zabala ikustea", azaldu du Rementeriak. Bizi Hadi taldean, adibidez, igeriketa, txirrindularitza, atletismoa eta triatloia egiteko aukera dago.
Iaz ospatu zuten estreinakoz eguna, Oñatin; urtero Debagoieneko herri baten egin gura dute
Kontzientziak pizteko lan horretan, gainera, beste ekimen batzuk ere antolatzen ditu Bizi Hadik. Aurten, bost ikastetxetan izan da proiektuaren berri ematen, eta ospitaleetan eta lantegietan ere egon izan dira. Antzuolan bertan egin zuten, martitzenean, kontzientziazio hitzaldi horietako bat: Xabat Askasibar pilotariak eta Joseba Azkarate triatletak Torresoroan egin zutena, Jon Balentziaga kazetaria moderatzaile izan zela. "Oso ondo joan zen hitzaldia; Joseba taldekideak murrizpen funtzionala du eta Xabatek, aldiz, psikikoa. Oso kasu desberdinak dira: batak osasun kontuengatik egiten du kirola, eta besteak lehiatzea du gustuko; polita izan zen", esan du Rementeriak.
Lehiaketetara begira
Udara begira, lehiaketak dituzte begiz jota Bizi Hadikoek. Bailaran, adibidez, Torreauzoko krosa izango dute. Debagoienetik kanpo, ostera, Donostiako eta Zumaiako triatloiak eta Santanderren jokatuko diren beste hainbatetan izango dira. Azkenik, Rementeriak gogorarazi du edonor izan daitekeela Bizi Hadi taldeko kide: "Integrazioaren aldeko apustua da gurea, egokituak eta ez-egokituak talde berean izateko".