Bigarren urtea da Finisher taldean. Iaz, berri asko sartu ginen, eta hasieran elkar gutxi ezagutzen genuen; hori lasterketetan nabaritzen zen. Aurten, ordea, taldearen egitura ia bere horretan mantendu da, eta askoz hobeto ulertzen dugu elkar.
Garrantzitsua da talde-lana? Funtsezkoa. Txirrindularitza kirol indibiduala dela pentsatu dezake jendeak, baina taldean aritzea ezinbestekoa da. Nork bere rola zein den argi izan behar du; norberaren indarguneak ezagutu eta taldekideei lagundu behar zaie behar denean. Afizionatuetara iritsi aurretik, taldean egon arren, bakarka ari nintzela sentitzen nuen, neurri batean, lasterketan. Maila honetan, ordea, argi ikusi dut dena taldearen inguruan eraikitzen dela; garaipen baten atzean beti egoten da talde oso baten lana.
Zein da zure eginkizuna taldean? Askotan, taldekideei laguntzea tokatzen zait. Nire aukerak agertzen direnean saiatzen naiz aprobetxatzen, baina taldean lehen postuen lehian sartzeko gaitasuna duten txirrindulari asko daude, eta, sarri, nire lana haiei bidea erraztea izaten da. Lasterketa bakoitzean taldearentzat onena zer den ikusten saiatzen naiz, eta, taldekide batek aukera handiagoa badu, naturaltasunez laguntzen diot; haren emaitzen parte ere sentitzen naiz.
Nafarroako Itzulitik zapore gozoarekin bueltan? Bai; batez ere, lehen etapakoarekin: bosgarren postua lortu nuen. Ihesaldi garrantzitsu batean sartu ginen taldeko hiru kide, baina bi taldekideek ezin izan zuten eta bakarrik geratu nintzen. Hala ere, aurrean egotea lortu nuen eta horrek konfiantza eman zidan. Azken egunean zorte txarra izan nuen, zulaketengatik eta arazo mekanikoengatik sailkapen nagusian aukerak galdu bainituen, baina sentsazio onekin geratu nintzen aurrean egon naitekeela ikusita.
"Nafarroako itzulian sentsazio onekin geratu nintzen, aurrean egon naitekeela ikusita"
Denboraldiaren balorazioa, beraz? Hasieran erritmoa hartzea kostatzen zait, lasterketen aurrean kokatzea. Asteak aurrera joan ahala, geroz eta hobeto sentitzen naiz. Indarrarekin eta gogotsu nago datorrenerako.
Bigarren zatirako helbururik? Lehenik eta behin, Aizarnazabalen jokatuko den Gipuzkoako erlojupeko txapelketan neure burua probatu nahi dut. Afizionatuetan ez naiz oraindik diziplina horretan lehiatu. Horrez gain, Espainiako Txapelketara joateko aukera izango banu, helburu polita litzateke. Uda partean oraindik ez dakit zein itzuli egingo ditudan, baina uztailean Antzuolan lehiatzeko aukera izatea gustatuko litzaidake. Etxean ibiltzea beti da berezia.
Profesionaletara iristea ametsa da? Bai, kategoria honetan gauden askorentzat bezala. Hala ere, nahiago dut pausoz pauso joan. Une bakoitza aprobetxatu, ditudan aukerez gozatu, eta etorkizuna bere garaian etorriko da. Bideaz disfrutatzeko gai naiz.
Ken Pharmaren iragarpenak kezka sortu du taldean? Oraingoz, prentsan argitaratutakoa baino ez dakigu, Azcoro sport taldearen babeslea kolokan geldituko dela. Ni oso gustura nago taldean eta hemen hazten jarraitzeko aukera izatea gustatuko litzaidake, aukera handiak eskaintzen baitizkigute.
Datorren urtera begira, zer? Oraindik ez dut ezer erabakita, baina badakit bizikletaren gainean jarraitu nahi dudala. Datozen helburuak ondo egitea daukat buruan, gustura nago nagoen lekuan.