Kirol Astea borobiltzeko eguna zapatuan, bazkari jendetsuarekin

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko ekainaren 4a

Kirol Astea ekintzaz bete dute; gaur pelota eskolako partiduak izango dituzte, egubakoitzean Bizi Hadi kirol talde inklusiboaren aurkezpena eta egubakoitzean trial erakustaldia eta kirol elkarteen herri bazkaria. 

Gaur arratsaldean pilotaz gozatzeko tartea izango dute, hiru partida jokatuko dituzte pelota eskolakoek. Luka Sanchez eta Intza Lizarralde, Oskitz Muruamendiaraz, Ibai Agirre eta Unax Muruamendiarazen aurka arituko dira. Ekhi Agirre eta Paule Alberdi, Ekhi Peñalba eta Ekai Goikoetxeren aurka. Azken partiduan Izei Irizar eta Markel Bareño arituko dira norgehiagoka. 

Bestalde, bihar, egubakoitza, 17:00etan, Zurrategin, Bizi Hadi kirol talde inklusiboa aurkeztuko dute. Ekimenaren helburua da taldearen berri ematea eta gizartean murrizpen funtzionala eta psikikoa duten pertsonen inguruko kontzientzia piztea. 

Zapatuan emango diote amaiera asteari, egun handiarekin; Zurrategin 12:00etan egingo duten trial erakustaldiarekin hasiko dute jarduna eta herriko kirol elkarteek eskolako patioan egingo duten bazkariarekin borobilduko dute. Herri bazkaria jendetsua izango da, 253 lagunek eman dute izena. Honako hauek izango dira parte hartuko duten kirol elkarteak: Ariznoa Gimnasia Erritmiko Elkartea, AKE, Lokatza Ziklismo Eskola, Arrola Mendizale Taldea, Olalde euskal kirolak, Aiastui Lagunartea eta Irain Moto Kirol Kluba.

Kirol Asteak emandakoa

Aste honetako egitarauan, martitzenean Torresoroan egindako mahai inguruan kirol egokituan jarri zuten arreta. Xabat Askasibar pilotaria eta Joseba Azkarate txirrindularia izan ziren protagonistak, eta Jon Balentziaga kazetariak dinamizatu zuen saioa. Horrez gain atzo, eguaztena Naroa Perezek frontoian egindako erakustaldiarekin, gimnasia erritmikoari bere tartea eskaini zioten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak