Zeresana eman du euskararen erabileraz hausnartzeko moskeo-kanpainak

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 29a

Antzuola Arigune proiektuko herritarren foroa harridura eragin duen bideo-sorta ibili da partekatzen asteotan, erreferentziazko hainbat antzuolar gazteleraz mintzatzen azaltzen direnak.

Lehendabizi, Larrea anaien entrenamendu-saio baten bideo-pilula publikatu zuten. Ondoren, Legorburu familiaren kaleko enkontru bat; gero, Olatz Lezeta alkatearen eta Silvia Ezpeleta Herri Eskolako zuzendariaren arteko elkarrizketa bat. Edukiek ez zuten aparteko ezer, ez bada elkarren artean gazteleraz berba egiten zutela. Herritarren arteko komunikazio-kanaletara eta sare sozialetara bidali zituzten bideoak, banan-banan, informazio gehiagorik eman gabe. 

"Zergatik dabiltza erdaraz?"

Intentzio argia zeukan, ordea, Antzuola Arigune proiektua gidatzen duen herritarren foroaren kanpaina horrek: "Antzuolako euskaldunak aktibatzea". Edo, zehatzago esanda, "herritarren artean arreta piztea, hizkuntza-erabileraren inguruko gogoeta sustatzea eta hausnarketari atea zabaltzea". 

Piezetako batean azaltzen den Onintza Legorbururen esanetan, arreta piztea, gutxienez, lortu dute: "Larrea anaien bideoarekin jendea moskeatu egin zen, bi zentzutan. Alde batetik, nahasmena eragin zuen: 'Zergatik dabiltza erdaraz?'. Kirol-markaren batentzat egindako promozio-bideo bat izan zitekeen susmoa ere zabaldu zen. Bigarren bideoa zabaldu zenean, batzuk jabetu ziren talderen bat bazebilela euskararen inguruko zeozer egosten. Eta hirugarrena ateratzerako, azalpenen zain zegoen jendea, kanpainaren bat izango zelakoan".

Arduraz jokatzeko deia

Bada, gaur bertan argitaratu dute azken bideoa, aurreko hiru pilulen testuingurua azaltzeko. Off-eko ahotsak bi galdera zuzenekin egiten du sarrera: Zer pasatzen da Antzuolan? Hori nahi al dugu? Herrian jaio direnei, hau da, euskaraz hazi eta hezi direnei zuzendutakoak dira: "Aktibatzeko giltza antzuolarrok daukagulako".

Eta bada beste mezu bat ere: bizitokitzat Antzuola aukeratu dutenei erraztasunak ematea, "euskarara gerturatzeko eta euskararekin maitemintzeko". Horregatik animatzen dira euskaldunak euskararen ulermen maila lortu duten herritarrekin euskara erabiltzera. 

Gipuzkoa-mailako ekimena

Hain justu, euskara ikasten dabiltzan antzuolarrak ere agertzen dira laugarren bideo horretan. Antzuola Arigune proiektuaren baitan kokatzen diren uler-saioetan hartzen dute parte. Ekimen horrek Gipuzkoa Arigune egitasmoan du jatorria, Gipuzkoako Foru Aldundia, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua, Badalab, Soziolinguistika Klusterra eta Antzuolako Udala izanik babesleak. Euskararen ulermena orokortzeko eta erabileraren aldeko kultura indartzeko bidean, Antzuola, Aia eta Añorga aukeratu zituzten lurralde barruko herri-pilotu gisa. 

Antzuolan egin duten moskeo-kanpainarekin argi geratu da Arigune proiektuak ulermen unibertsala ezinbesteko baldintzatzat jotzen duela euskara erabili ahal izateko. Eta, horrekin batera, euskal hiztunen jarrerak berebiziko garrantzia daukala, norberak jarri behar baitu arreta egunerokoan darabilen hizkuntza-praktika aztertzeko eta baita praktika linguistiko berriak aktibatzeko ere. 

BIGARREN IKASTURTEARI BEGIRA

Euskara ulertzeko saioen lehen ikasturte honetan hamazazpi antzuolarrek hartu dute parte. Gehienak adinekoak, baina baita gurasoak eta zaintza zein ostalaritza arloetako langileak ere. Bederatzi hilabetez, astean behin, bi orduko saioak egin dituzte.

Ikastaroetan metodologia berritzailea darabilte, euskararen ulermena modu azkar eta praktikoan garatzea helburu duena. "Parte-hartzaileek ez dute euskaraz hitz egin beharrik; ulermena lantzen dute ingurune babestu batean, euskarazko mezu ulergarriak jasoz eta eguneroko egoeretara gerturatuz", azaldu dute Antzuola Arigune taldeko kideek. 

Izan ere, helburua herritar orok kalean eta eguneroko harremanetan euskaraz bizitzeko aukera gehiago izatea da, elkarrizketa elebidunen bidez: "Hau da, batek euskaraz eta besteak gaztelaniaz hitz eginda ere".

Uler-saioen bigarren ikasturtea datorren irailean abiatuko dute. Izena emateko epea iraileko lehen astean irekiko da, eta, aurreratu dutenez, bigarren hamabostaldian aurkezpen-saio bat egingo dute, interesa agertu dutenei begirakoa, egitasmoaren xehetasunak azaltzeko. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan honako helbide honetan: unai@taupamugimendua.eus.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak